Ekonomia -
Gasteizko tranbia
Gasteizko tranbia larunbat honetatik aurrera iritsiko da unibertsitatera
Zerbitzuari hasiera eman ostean, 11:00etatik aurrera, erabiltzaileek tranbia linea guztiak ordaindu gabe hartu ahal izango dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Unibertsitate campusera joateko tranbia-zerbitzua larunbat honetan jarriko da martxan, 400 lagunentzako edukiera duen 7 bagoiko tranbia bereziarekin batera (gaur egungoak baino 2 unitate gehiago).
Zerbitzuaren hasiera-ekitaldia Florida geltokian izango da, ibilbide berriko hiru geldialdietatik lehenengoan, Hegoalde gizarte-etxearen eta EHUko campusaren ondoan, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi dutenez.
Tranbia martxan jarri ostean, 11:00etatik aurrera, erabiltzaileek dohainik bidaiatu ahal izango dute. Gainera, hainbat ekitaldi antolatu dira zerbitzuaren irekieraren harira. Tranbia berezietako batean Geraldine jazz taldeak joko du, eta, 12:00etatik aurrera, unibertsitate inguruan Korrontzi folk taldeak eta Itziar Yague gasteiztarrak joko dute.
Egun, Gasteizko tranbiak hiru adar (Abetxuko, Lakua eta Erdialdea), 7,8 kilometroko ibilbidea eta 20 geltoki ditu. Larunbatetik aurrera, 1,4 kilometro gehiago eta hiru geldialdi berri izango ditu: Florida, Hegoalde eta Unibertsitatea.
Tranbia-sarea zabaltzeari esker, bidegorri-sarea 1,3 kilometro luzatu da, eta urbanizazio-lanak ibilbide berria igarotzen den kaleetan egin dira. Horrez gain, Floridako geltokitik aurrera Salburuako linea zabaltzeko asmoa dute. Datozen asteetan hasiko dira obrak.