Ekonomia -
Aireko garraioa
Barajaseko aireportua zabalik berriro, drone batengatik itxita egon ostean
Polizia Nazionala eta Guardia Zibila Barajasko aireportuan drone bat aireratu duen pertsonaren bila dabiltza.
Agentziak | Erredakzioa
Madril-Barajas Adolfo Suarez aireportuak berriro ekin dio ibiltzeari, astelehen arratsaldeko lehen orduan. Ordubete baino gehiago eman du aire-espazioa itxita, gutxienez drone bat antzeman ostean. Enaire aire-zirkulazioaren gestorearen arabera, 22 hegaldi desbideratu dituzte.
Aenak aireportuetako azpiegituren gestoreak jakinarazi duenez, zazpi hegaldi Valentziara eraman dituzte, bi Alacant-Elxra, beste bi Valladolidera, eta hiru Zaragozara.
Aireportuaren gainean antzemandako drone hori edo horien operadorea topatzen saiatzen ari dira Polizia Nazionala eta Guardia Zibila. Horretarako, patruilak hedatu dituzte inguruan, EFEri bi polizia horien iturriek esan diotenez. Aireportuan, segurtasun-batzorde bat osatu dute; Aena, Enaire, Guardia Zibila eta Polizia Nazionala daude bertan.
Aireportua 13:00ak aldera itxi dute; izan ere, droneak antzeman dituzte aire-espazioan. Eguna zaila zen, horrez gain, Madrilgo aireportuan, laino trinkoa zegoelako.
Enairek gomendatu die bidaiariei hegaldiak kontsultatzea airelineekin, eta gogora ekarri du droneak ez direla jostailuak.
AESA Aire Segurtasun Estatu Agentziak, hegaldien araudiaren arduraduna bera, argitu du egoeraren larritasuna aztertuko duela, eta, horren arabera, dagokion isuna ezarriko duela; isuna 60-225.000 euro bitartekoa izango da.