Ekonomia -
Bizkaia
Bridgestone zigortu dute, amiantoa kentzeko ardura zuen langile bat hil ondoren
Konpainiak 145.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die lantegiko segurtasun buruzagi ohiaren senideei. Behargina 2017an hil zen, eta 1984tik 2010era lan egin zuen Bridgestonen.
Agentzia | Erredakzioa
Bilboko lan-arloko epaitegi batek Bridgestone zigortu du. Horrela, konpainiak 145.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die lantegiko segurtasun buruzagi ohiaren senideei. Amiantoa fabrikatik kentzeko ardura izan zuen. Behargina 2017an hil zen.
1984tik 2010era lan egin zuen Bridgestonen. Lurrun hodiak konpontzen lan egin zuen aurrena, eta ondoren lantegitik amiantoa kentzeko ardura izan zuen segurtasun buruzagi gisa, Asviamie elkarteak jakitera eman duenez.
2017ko uztailean erabateko ezgaitasuna eman zioten mesotelioma baten eraginez. Bridgestonek helegitea aurkeztu zuen, eta langilea hilabete beranduago hil egin zen.
Beste kasu bat marmoldegi batean
Bestalde, CCOOk jakitera eman duenez, Gizarte Segurantzak erabateko ezgaitasuna aitortu dio Erandioko Lucarini marmoldegiko langile bati.
Beharginak sukaldeko estalkiak ebakitzerakoan sortzen den silize hautsa xurgatzeko tutu malguak etengabe astintzen zituen. Mahukek amiantozko estaldura dute.