Ekonomia -
U30eko greba orokorra
Tapia: "Ezin da esan greba arrakastatsua izan denik"
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitur sailburuak adierazi duenez, "ez dirudi herritarrek eta enpresek deialdiarekin bat egin dutenik", eta lortutako onura azaltzeko eskatu die deitzaileei.
Agentziak | Erredakzioa
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak adierazi duenez, urtarrilaren 30eko greba orokorra deitu zuten gizarte mugimenduek eta "grebarekin bat egin duen alderdi politikoren batek" lanuzteekin lortutako "benetako onura ekonomikoa eta soziala” azaldu beharko lukete, "ezin baita esan arrakastatsua izan denik".
Tapiak Bilboko Merkataritza Ganberak antolatutako jardunaldi batean parte hartu du goizean, eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan ordezkatuta dauden sindikatuek ostegunerako deitu zuten greba orokorra izan du hizpide.
Sailburuaren iritziz, "ez dirudi herritarrek eta enpresek deialdiarekin bat egin dutenik", eta, ondorioz, "ezin da esan arrakastatsua izan denik". Horrez gain, "pikete informatibo batzuek kalte materialak eragin zituzten", gaineratu du.
Horren aurrean, Tapiaren ustez, "komeni da hausnarketa egitea"; izan ere, "grebarako eskubidea ezin da ukatu, ezta lanera joateko eskubidea ere, eta ez dirudi kasu guztietan errespetatu denik".