Ekonomia -
Enpresak
Fusionatzea proposatu die Sidenorrek Olarra, Tubacex eta Tubos Reunidos konpainiei
Tubacexek eta Tubos Reunidosek esan dute oraingoz ez dutela inolako eskaintzarik jaso. Olarrak, berriz, ez du gai honi buruzko adierazpenik egin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Antonio Jainagak Sidenor, Olarra, Tubacex eta Tubos Reunidos fusionatzea eta lau konpainien artean talde siderurgiko handi bat eratzea proposatu du. Egitasmo horrek Eusko Jaurlaritzaren eta finantza-sektorearen babesa izango lukeela ziur agertu da.
Halaber, bide horretatik abiatuta, 2008tik krisian dagoen siderurgia-sektorearen etorkizuna bermatuko litzatekeela erantsi du.
Euskadiko Profesionalen eta Zuzendarien Elkarteak gaur goizean Bilbon antolatu duten hitzaldi batean iragarri du proposamena Sidenorreko presidenteak. Aipatu lau enpresak, Arcelor eta Nervacerorekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko handienak dira.
Jainagaren hitzetan, balizko fusio horrek "hainbat abantaila" izango lituzke, besteak beste: egoitza nagusia eta erabakigunea EAEn mantentzea; fakturazioa urtean 2.000 milioi eurokoa izatea; 6.000 langile izatea eta lantaldearen % 75ak EAEn lan egitea; berrikuntzarako eta salmentarako ahalmena handitzea; eta gazteria erakartzea.
Ekoizpenari dagokionez, Jainagak esan du "balio erantsia" eskaini beharko lukeela eta, beraz, ez dela nahikoa eraikuntzarako altzairua produzitzea. Ildo horretan, erronka altzairu aleatuak, herdoilgaitzak eta karbonozkoak ekoiztea dela erantsi du.
Proposamen horren harira, hiru enpresetako birekin hitz egin duela adierazi du, baina zeinekin zehaztu gabe. Proiektua "onenek" zuzendu behar dutela eta egitasmoa aurrera eramateko "borondatea eta eskuzabaltasuna" ezinbestekoak izango direla esan du.
Horrez gain, Jainagak aitortu du bidea "zaila" izango dela eta "emaitzak bermatuta ez" daudela.
Tubos Reunidos, fusioaren aukera aztertzeko prest
Sidenorrek presidenteak egindako iragarpenaren ondotik, Tubos Reunidosek adierazi du euskal siderurgia-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko asmoz egiten den edozein proposamen aztertzeko prest dagoela, baina oraingoz balizko fusiorako planteamendu zehatzik jaso ez dutela zehaztu du.
Tubacexek jakinarazi du oraingoz ez dutela Sidenorrengandik inolako proposamenik jaso.
Olarrak, bestalde, uko egin dio gai honen inguruan adierazpenak egiteari.