Ekonomia -
Concentración
ELA-Ertzaintzak "erabateko babesa" eman dio urtarrilaren 30eko greba orokorrari
Halaber, "greba eskubidea babesteko jarduera protokolo publikoak" eskatu dizkiote Segurtasun Sailari.
aitb.eus
ELA-Ertzaintzako ordezkariak Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan bildu dira urtarrilaren 30eko greba orokorrari "erabateko babesa" adierazteko; gainera egungo politikak errotik aldatzea exijitu dute. Bestalde, ELA-Ertzaintzak Segurtasun Sailari "greba eskubidea babesteko jarduera-protokolo publikoak" eskatu dizkio.
Legediak ez die ertzainei uzten greba-eskubidea egikaritzen, baina ELA-Ertzaintzak adierazi du egoera ikusita ezinbestekoa dela "jauzi bat ematea lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokan". Horretarako konbentzimendu hirukoitz bat aipatu dute: "batetik, pentsioen afera denona da, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa da; azkenik eskubide sozialak eta zerbitzu publikoak ezinbestez bermatu behar dira".
Bestalde, ELA-Ertzaintzak salatu nahi du Segurtasun Sailak eta Estatuko gobernuak "ertzainen lan-baldintzetan eta pentsioetan oso modu negatiboan eragiten ari diren erabakiak hartzen ari direla".
Azkenik, Segurtasun Sailari lan-arloko prestakuntza eskatu diote, Ertzaintzak langileen grebarako eskubidea babesteko gaitasuna izan dezan, "eskubide horrek hirugarrenen aldetik jasan ditzakeen urraketen aurrean, bereziki gaur egun erantzun penalik ez duten enpresen mehatxu eta hertsapenen aurrean".