Ekonomia -
Greba orokorra
Confebask: "Greba ulertezina, bidegabea eta arduragabea da"
Sindikatu abertzaleek eta gizarte erakundeek datorren ostegunerako deitutako lanuztea "ez da beharrezkoa" EAEn bizi diren "baldintza sozioekonomikoak kontuan izanda".
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak datorren ostegunerako deitutako greba orokorra "ulertezina", "bidegabea" eta "nahiko arduragabea" dela uste du Eduardo Zubiaurre Confebask euskal enpresaburuen patronaleko presidenteak.
Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, Zubiaurrek adierazi du sindikatu abertzaleek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutun horretan sartuta dauden gizarte erakundeek deitutako lanuztea, ELA eta LAB buru direla, ez dela "beharrezkoa" Euskadin bizi diren "baldintza sozioekonomikoetan".
Zubiaurreren esanetan, EAEn Espainiako batez besteko soldata altuenak, "pentsio altuenak", "Gizarte Segurantzako afiliazio maila handia, kontratazio mugagabea" eta gizarte politika "garatuak" ematen dira.
Testuinguru orokorra "greba deitu dutenak zabaltzen saiatzen ari diren larritasunetik eta alarma sozialetik urrun dago", adierazi du.
Deitzaileen aldarrikapenek eta planteamenduek "lan arloarekin baino politikarekin harremana dute", Zubiaurrek adierazi duenez, politikak "bere konplexutasunak" ditu eta pentsioak bezalako gaiek "Estatu mailako itunak" behar dituzte, Espainiako sistema publikoa jasangarria izan dadin.