Ekonomia -
Greba orokorra
U30eko deitzaileak: "Ez da egia Urkulluk argudiatzen duen eskumen falta"
Bestalde, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko sinatzaileekin egin behar zuen bilera otsailaren 4ra atzeratu du Maria Chivite Nafarroako presidenteak.
Agentzia | Erredakzioa
"Bere administrazioan prekarietatearekin eta behin-behinekotasunarekin amaitzeko neurri zehatzak hartzeko eskumenak" badituela gogorarazi diote urtarrilaren 30eko greba deitu duten sindikatuek Iñigo Urkullu lehendakariari.
Era berean, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak egindako txosten juridikoek "gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko eskumenak" aitortzen dituztela ziurtatu dute eragileek.
ELA, LAB, Steilas eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kolektibo sinatzaileek agerraldia egin dute Bilbon. Mikel Noval ELAko arduradunak azaldu duenez, "urtarrilaren 30eko greba deialdian jasotako aldarrikapenei aurre egiteko neurri zehatzak ez hartzeko, Urkulluk argudiatutako eskumen falta ez da egia".
Zentzu horretan, kritikatu duenez, Urkulluk "biltzerik edo neurriak hartzerik badu, baina ez du nahi; eta greba orokorreko deitzaileekin biltzerik badauka, baina ez du nahi, sindikatuak hartzeko denborarik sekula ez duelako".
Novalen ahotan, "hau guztia bere ardura ez dela esatea nahiago du, baina egitearekin ez du errealitatea errespetatzen".
Bestalde, Madril, Euskadi eta Nafarroako gobernuek azken asteetan iragarritako neurriak "ez dira nahiko, eskasak dira, eta urtarrilaren 30ean greba orokorra egiteko beharra berretsi dute", adierazi du Edurne Larrañaga LABeko ordezkariak.
Larrañagaren esanetan, "azken asteetako gertakariek greba deitzeko beharra berretsi dute", are gehiago, "Urkulluren ezezkoa jaso ondoren, grebako aldarrikapenak negoziatzeko eskumenik ez duela argudiatuta".
Maria Chivite Nafarroako presidentearekin biltzea espero dute eragileek, baina hitzordua otsailaren 4ra atzeratu du agintariak. Ondorioz, greba egin eta lau egun geroago egingo dute batzarra. Sindikatuek ez dute data aldaketa baloratu, baina deialdia baino lehen egitea nahiago zuten.