Ekonomia -
GREBA OROKORRA
U30eko grebaren aurrean pentsiodunek dituzten iritzi ezberdinak, berriro, agerian
Gipuzkoako pentsiodunen elkarteetako ordezkaritza zabal batek greba babestu duen bitartean, Bizkaiko eta Arabako elkarteen ordezkariek deialdiarekin ez datozela bat esan eta batasuna eskatu dute.
EITB.EUS
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak urtarrilaren 30erako deitu duen greba orokorraren aurrean iritzi ezberdinak agertu dituzte azken asteotan pentsiodunen elkarteek, eta gaur zatiketa hori agerian geratu da Bilbon eta Donostian egin dituzten agerraldi banatan.
Bizkaiko eta Arabako hainbat elkarteren izenean, Bilbon egin dute agerraldia greba orokorra babesten ez duten pentsiodunek. Besteak beste, Nagusiak, AJPD, Coespe, Agijupens, Aspalgi, Bat-Etorri, Fevaas, Gepe, Helduak, Asi, Nagusilan eta Tologorri elkarteetako eta Bilboko eta Gasteizko koordinadoretako ordezkariak bildu dira Bizkaiko hiriburuan, hedabideen aurrean euren iritzia azaltzera.
Mugimendua "ez politizatzeko" eskatu dute, eta pentsio duinen aldeko aldarriaren inguruan "hasierako batasuna" berreskuratzearen alde agertu dira.
Jose Luis Ruiz pentsiodunen eledunak esan duenez, pentsiodunen mugimendua "oso anitza" da eta "zati handi bat" ez dator bat greba deialdiarekin. Hori dela eta, pentsiodunen izenean ez hitz egiteko eskatu diete U30eko grebaren antolatzaileei.
Euren aldakarrikapena "pentsio duinak" lortzea dela eta bide horretan jarraituko dutela esan du Ruizek. Horretarako, ezinbestekotzat jo du "pentsiodunen elkarteen eta plataformen arteko batasuna". Pentsiodunen elkarteak ez direla sindikatuak azpimarratu dute agerraldian, eta, beraz, greba deialdiak babestea ez dagokiela gaineratu dute. "Pentsiodunek langileen greba bat deitu dezaketela pentsatzea akats larria da", zehaztu dute.
Gipuzkoako pentsiodunen gehiengoa, grebarekin bat
Oso bestelako iritzia agertu dute Donostian agerraldia egin duten dozenaka pentsiodunek. Gipuzkoako pentsiodunen elkarteen gehiengoaren izenean agertu dira, datorren asteko greba orokorra babestuz eta mobilizaziorako deia eginez. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak egindako aldarrikapenak goitik behera berresten dituztela esan dute.
Karlos Etxeberria eta Lourdes Zuñiga Alderdi Ederreko pentsiodunen mugimenduko eledunek, eta Miren Clemente Hernaniko ordezkariak hitz egin dute prentsaren aurrean. Horien arabera, Gipuzkoako 35 elkartek baino gehiagok egin dute bat greba orokorrarekin.
"Duela bi urtetik astelehenero kalera ateratzeko ditugun arrazoi berberak ditugu greba hau babesteko", esan dute.