Ekonomia -

Lan-istripuen balantzea

Egunero 311 lan-istripu edo laneko gaixotasun izan ziren Hego Euskal Herrian 2019n

Sindikatuek ohartarazi dute lan-istripuen kopurua hazi egin dela EAEn eta Nafarroan. Halaber, ‘in itinere’ gertatzen diren ezbeharrak eta laneko gaixotasun asko zenbatzen ez direla salatu dute.

La mayoría sindical ha presentado el informe sobre la siniestralidad laboral en 2019. Foto: LAB
La mayoría sindical vasca ha presentado el informe sobre la siniestralidad laboral en 2019.
Gehiengo sindikalaren arabera iaz 46 langile hil ziren lan istripuen ondorioz

1:30

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek jakinarazi dutenez, iaz, 311 lan-istripu edo laneko gaixotasun izan ziren egunero Hego Euskal Herrian, 234 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 77 Nafarroan.

Sindikatu horietako ordezkariek agerraldia egin dute Donostian, 2019ko balantzearen xehetasunak azaltzeko. 2018ko datuekin alderatuta, iaz, lan-istripuen eta laneko gaixotasunen kopuruak gora egin zuela ohartarazi dute: % 2,3 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta % 19,8 Nafarroan.

Horrela, bada, datorren urtarrilaren 30an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitutako greba orokorrean parte hartzearen beharra azpimarratu dute.

Lan-istripuen eta gaixotasun profesionalen gorakadaren atzean dauden arrazoi nagusiak ere aipatu dituzte: azpikontratazioaren eta behin-behinko kontratuen hazkundea eta lan-baldintzen prekarietatea. Horrez gain, Lan Ikuskaritzak enpresei neurriak eskatzerakoan eta isunak jartzerakoan egoerak eskatzen duen zorroztasunarekin jokatzen ez duela kritikatu dute.

Era berean, Osalanek eta Laneko Osasunaren Nafarroako Institutuak  prebentziorako neurriak betetzen diren egiaztatzeko jarraipen nahikorik egiten ez dutela salatu dute.    

Bestalde, sindikatuek ohartarazi dute 'in itinere' gertatzen diren ezbeharrak eta lan-istripu arinak ez direla zenbatzen, eta "istripua asko ezkutatu" egiten dituztela. Gaixotasun profesionalak kontuan hartzen ez direla eta horietako asko datu ofizialetan erregistratzen ez direla deitoratu dute. "Mutuek ukatu egiten dute gaitzak lanarekin lotuta daudela eta langileak zerbitzu publikoko medikura bidaltzen dituzte, gaixotasun komuna dela esanez; eta hori eskandalu bat da", erantsi dute.

Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak berdin jokatzen jarraitzen dutela eta betiko neurriak eta politikak aplikatzen dituztela kritikatu dute, "laneko istripuekin eta gaixotasunekin amaitzeko eraginkorrak ez direla frogatu den arren".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak