Ekonomia -

Lan-istripua

Garraiolari bat hil da Olaberrian, zamalanak egiten ari zela

Arcelorren lantegian gertatu da. LAB sindikatuak salatu duenez, 2013an, lantegi horretan bertan, antzeko istripu bat izan zen.

Istripua eguerdian jazo da. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Istripua eguerdian jazo da. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Istripua eguerdian jazo da. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garraiolari bat hil da Olaberrian, Arcelor Mittalen lantegian, zamalanak egiten ari zela, LAB sindikatuak jakinarazi duenez; LABek nabarmendu du, halaber, 2013an, lantegi horretan bertan, honen antzeko beste istripu bat ere jazo zela.

Hildakoak 59 urte zituen, eta portugaldarra zen. Santillan enpresako langilea zen; enpresa horrek txatarraz hornitzen du Arcelor, azken konpainia horren iturriek esan dutenez.

Iturri horiek ere zehaztu dute langilea, lehen ikerketen arabera, lantegian txatarra deskargatuta, beste gidari batekin hitz egitera joan dela, eta, une horretan, kamioiak irrist egin duela eta beste ibilgailu baten aurka zanpatu duela. Segituan hil da.

Ikerketen ondorioen berri ez dute eman oraindik, baina badirudi garraiolariak ez dituela jarri altxagarriak kamioian.

Segurtasun Sailak, alabaina, istripua eguerdiko hamabiak aldera jazo dela soilik jakinarazi du.

Arcelor Mittaleko langile-batzordeak 24 orduko greba egingo du lan-istripua salatzeko. Lanuztea gaur gaueko 22:00etatik ostegun gaueko 22:00etara bitartean egingo dute.

Halaber, UGT sindikatuak zehaztu du lantegiaren aurrean elkarretaratzea egingo dutela 12:00etatik 14:00etara.

Zazpi hildako Euskal Herrian 2020an

Sindikatuak "elkartasuna" agertu die hildako langilearen senideei eta lagunei. Horrez gain, salatu egin du biktima "Euskal Herrian hil den zazpigarren langilea" dela "hasi berri den 2020 honetan".

LABek adierazi duenez, lehen datuak aztertuta, garraiolaria "lantegian zebilen lanean, eta ibilgailua zamalanak egiteko ari zen prestatzen; orduan, ibilgailua gainera etorri zaio, eta zanpatu egin du".

Azaldu du 2013an kamioilari batek istripu oso antzekoa pairatu zuela lantegi horretan bertan; hortaz, mobilizaziorako deia egin du, "gizarteak eta langileek esateko 'aski da', lan-istripuek dakarten giza sarraski honen aurrean".

Azkenik, LABek iragarri du ondorengo orduetan saiatuko dela antolatzen "erantzun bat, ahalik eta pluralena, eta arlo guztietan".  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gipuzkoako albisteak LAB EAE albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskal sindikatuak Goierri eskualdea