Ekonomia -

Zergak

EAEko diru-bilketa % 3,2 hazi da, aurreikuspenen gainetik

Gipuzkoan lehenengo aldiz 5.000 milioi euro baino gehiago bildu ziren zerga bidez, hirugarren urtez jarraian marka onduz.

Gasteiz. Argazkia: EiTB
Gasteiz. Argazkia: EiTB
Gasteiz. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko diru-bilketan marka berria egin du EAEk 15.469,2 milioi eurora iritsita, aurreko urtean baino % 3,2 gehiago, eta duela bi hilabete eta erdi Finantzen Euskal Kontseiluak aurreikusitakoa baino % 0,5 gorago.

Diru-bilketaren gorakada hiru lurralde historikoetan gertatu da, eta gehienbat errentaren gaineko zergarekin izan da, lan-merkatua indartu egin delako. Baina kontsumoak ere gora egin duenez, BEZ zergak ere diru-sarrerak handitu ditu.

Hala, Bizkaiko Ogasunak 7.995,1 milioi euro jaso zituen, 2018an baino 255 milioi euro gehiago (% 3,3) eta urrian aurreikusitakoa baino 48 milioi euro gehiago.

Gipuzkoan zerga bidez 5.024,1 milioi euro jaso zituzten % 3,9ko gorakadarekin (2018an baino 186,8 milioi euro gehiago, eta urriko aurreikuspena baino 21,7 milioi euro gehiago), eta hirugarren urtez jarraian ondu du marka lehenengo aldiz 5.000 milioi euroko muga gaindituta.

Araban, Ogasunak 2.450 milioi euro bildu zituen iaz, hau da, % 1,92 eta 46,2 milioi euro gehiago. Finantzen Euskal Kontseiluak urrian aurreikusitakoa baino 13,8 milioi euro gehiago pilatu zituzten lurralde horretan.

2020ari begira, berriz, aipatu erakundeak kalkulatu du 15.767,7 milioi euro jasoko direla (298,6 milioi euro gehiago), honela banatuta: 8.141 milioi euro Bizkaian; 5.137, Gipuzkoan; eta 2.489, Araban.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak