Ekonomia -
U30-eko greba
Pentsiodunek 'huskeria'tzat jo dute Espainiako Gobernuak iragarritako igoera
Gainera, pentsiodunen mugimenduko bozeramaileak uste du Urkullu lehendakariak grebarekiko hartu duen jarrera "jusitifikaezina eta apur bat harroputza eta sektarioa" dela.
agentziak | erredakzioa
Jon Fano euskal pentsiodunen mugimenduko bozeramaileetako batek esan du "iraingarria" dela Espainiako Gobernuak esatea erosteko ahalmena bermatzen dela pentsioak % 0,9 igota.
Bilboko udaletxearen aurrean egin duten asteleheneroko elkarretaratzean azaldu duenez, pentsioen igoera "huskeria" da, eta azpimarratu pentsio baxuenak 6 euro igoko direla hilean. Horregatik, gaineratu du "erraza" dela ulertzea "askoren haserrea".
"Erosketa poltsa, gasa edo argindarra bezalakoak % 7 baino gehiago garestitu dira, beraz, ez gaitzatela inozotzat hartu", berretsi du, "borrokan jarraitzea" besterik ez zaiela geratzen gaineratu aurretik.
Gutun Sozialak (ELA eta LAB sindikatuak tartean) urtarrilaren 30erako Hego Euskal Herrian deitu duen greba orokorra, pentsiodunen gehiengoak babesten duena, ere izan du hizpide.
Fanoren esanetan, pentsiodunen mugimendua "askotarikoa da ideologikoki, baina % 95ak baino gehiagok babesten du greba". Horren harira, CCOO eta UGT kritikatu ditu, ELAri eta LABi grebarekin pentsiodunen mugimenduaren batasuna "arriskuan" jartzea leporatu dietelako.
Pentsiodunak uste du "kontraeraso mediatiko indartsua" ari direla egiten grebaren kontra, baita alderdi politikoengandik ere, EH Bildu izan ezik, babestu egiten baitu.
Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrerari dagokionez, Fanok esan du "justifikaezina eta apur bat harroputza eta sektarioa" dela greba deitu dutenekin bildu nahi ez izatea, herritar guztien lehendakaria den heinean.
"Gezurretan" aritzea ere egotzi dio lehendakariari, grebaren aldarrikapenen gaineko eskumenik ez duela esan zuelako; izan ere, gaur egun Jaurlaritzak pentsioak osatzen ditu Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez.
Bilboko protestaz gain, Gasteizen ere elkarretaratze jendetsua egin dute, eta Euskal Herriko beste hainbat herritan ere egin dituzte kontzentrazioak.