Ekonomia -
Euskadi
EAEn 2019ko urrira arte grebagatik galdutako lanaldiak laukoiztu egin dira
2018an galdutako lanaldiekin alderatutako datuak dira. Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoan, lan egin gabeko 369.469 lanaldi pilatu dira 2019ko lehen hamar hilabeteetan.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko metalgintzako grebak, eta, neurri apalagoan, Euskadiko gizarte-ekimeneko itunpeko zentroetako lanuzteek bereziki eragin dute 2019ko lehen hamar hilabeteetan Euskadin lan egin gabeko 369.469 lanaldi pilatzea. Hortaz, 2018ko urtarriletik urrira arteko datuekin alderatuta, grebagatik galdutako lanaldiak laukoiztu egin dira EAEn, % 320ko igoerarekin.
Lan Harremanen Euskal Kontseiluak Europa Pressi jakinarazi dionez, 2019an hamar greba-egun izan ziren Bizkaiko metalgintzan, eta, horren ondorioz, 300.000 lanaldi galdu ziren. Hortaz, Bizkaian, 334.178 lanaldi galdu ziren urtarriletik urrira arte, hau da, Euskadin lan egin gabekoen % 90,4.
EAEn, 2019ko lehen hamar hilabeteetan, 226 greba izan ziren, eta 75.914 lagunek egin zuten bat greba horiekin; ondorioz, lan egin gabeko 369.469 lanaldi izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Greba horietan parte hartu zuten langileen kopuruak % 79 egin du gora (2018an, 42.432 grebalari izan ziren). Halaber, langileen babesa izan duten greben kopurua % 10,8 hazi da; 2018an, urrira arte, 204 greba deitu zituzten.
Datuak, xehatuta
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban, 2019ko urtarriletik urrira arte, 43 lanuzte izan ziren (2018an baino 13 gehiago), eta 3.110 langilek hartu zuten parte horietan. Lan egin gabeko lanaldien kopurua 9.075ekoa da, 2018an baino % 2,55.
Bizkaian, langileek 87 grebarekin egin zuten bat. Guztira, 70.184 grebalari eta lan egin gabeko 334.178 lanaldi izan ziren (% 601eko gorakada). 2018an greba gehiago deitu zituzten (101), baina, hori gorabehera, lan egin gabeko lanaldiak zazpi aldiz gehiago dira.
Gipuzkoan, azkenik, 96 greba izan dira (2018an, 73), eta horiek lan egin gabeko 26.217 lanaldi ekarri dituzte (% 16,6 gutxiago). 2.620 langilek babestu dituzte lanuzteak (2018an baino % 16,6 gutxiago).