Ekonomia -
2019ko inflazioa
Urte arteko inflazioa % 1,2koa izan da EAEn eta % 1,3koa Nafarroan 2019an
Abenduan prezioak hiru hamarren jaitsi ziren EAEn, eta bat Nafarroan. 2019an prezioetan izandako jaitsiera handienak etxebizitzan gertatu ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) hiru hamarren jaitsi da abenduan Euskal Autonomia Erkidegoan, azaroko datuekin alderatuta; 2019ko urte arteko igoera, berriz, % 1,2koa izan da.
Estatistikako Institutu Nazionalak asteazken honetan jakitera eman dituen datuen arabera, EAEko urteko tasa Estatuko batez bestekoa (% 0,8) baino lau puntu altuagoa izan da.
Azaroko datuekin alderatuta, prezioek behera egin dute EAEn, besteak beste, Jantziak eta oinetakoak (% 3,4) eta Etxebizitza (% 1,3) alorretan izandako beherakada dela eta. Alkoholdun edariak eta Tabakoa % 0,8 merkatu dira; Hotelak, kafetegiak eta jatetxeak, % 0,5; Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak, % 0,3; eta Komunikazioak, % 0,2.
Prezioak egonkor mantendu dira Irakaskuntza alorrean, eta gora egin dute Aisialdia eta kultura (% 2,3), Garraioa (% 0,5), Medikuntza (% 0,3) eta Beste batzuk (% 0,2) ataletan.
Azken hamabi hilabeteetan, sektore guztiek egin dute gora prezioetan, Etxebizitzak (% 5,2) eta Alkoholdun edariak eta Tabakoa (% 0,2) izan ezik.
Sektore inflazionistena Garraioa izan da, prezioak % 5,7 igo baitira. Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak % 2,1 garestitu dira urtetik urtera; Hotelak, kafetegiak eta jatetxeak, % 1,8; Beste batzuk, % 1,5; Irakaskuntza, % 1,4; Medikuntza, % 1,3; eta Bidaiak, % 1,1.
Nafarroako datuak
Kontsumo prezioen indizeak % 1,3an geratu zen 2019ko abenduan Nafarroan, nahiz eta abenduan prezioak % 0,1 jaitsi ziren.
Horrela, Espainiako batez bestekoaren (% 0,8) gainetik dago Nafarroa, eta igoerarik handiena izan duen erkidegoa izan da, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) asteazken honetan baieztatu duenez.
KPIaren urte arteko tasak gora egin du autonomia erkidego guztietan abenduan, azaroko datuekin alderatuta; Nafarroaren kasuan lau hamarren igo da, % 0,9tik % 1,3ra igo baita.
Abenduan, Foru Erkidegoan, jaitsiera handienak alor hauetan izan ziren: Jantziak eta oinetakoak (% 2,8); Etxebizitza (% 1,1); Hotelak, kafetegiak eta jatetxeak (% 0,8) eta Aisialdia eta kultura (% 2,5).
Urte osoan prezioek gora egin dute talde guztietan, etxebizitzan izan ezik, % 4 jaitsi baitira.
Igoera nagusia Garraioa (% 5,8), Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (% 3,2) eta Medikuntza (% 1,5) alorretan izan dira. % 1etik beherako gorakada izan dute honako hauek: Jantziak eta oinetakoak (% 0,8); Alkoholdun edariak eta Tabakoa eta Aisialdia eta kultura (% 0,7); Hotelak, kafetegiak eta jatetxeak (% 0,5); Tresnak (% 0,4); eta Komunikazioak (% 0,2).
Espainian, berriz, KPIa % 0,8an geratu zen 2019ko abenduan, hau da, lau hamarren igo zen, azaroko datuekin alderatuta, eta 2018koa (% 1,2) baino tasa apalagoarekin itxi zuen urtea.