Ekonomia -

Bizkaia

Bilboko itsasadarraren azpiko tunela 3 kilometro luze izango da

2027rako amaituko dute, eta Artatzako eta Ballontiko biribilguneak lotuko ditu; inbertsioa 337-407 milioi eurokoa izango da. Proiektua lehiaketara atera dute, 10,5 milioi euroko zenbatekoan.

Imanol Pradales eta Unai Rementeria, astearte honetan. Argazkia: bizkaia.eus.
Imanol Pradales eta Unai Rementeria, astearte honetan. Argazkia: bizkaia.eus.
Imanol Pradales eta Unai Rementeria, astearte honetan. Argazkia: bizkaia.eus.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artatzako (Getxo) eta Ballontiko (Sestao) biribilguneak lotuko dituen Bilboko itsasadarraren azpiko tunelak 3.037 metroko luzera izango du, Bizkaiko Foru Aldundiak astearte honetan jakinarazi duenez. Tunela eraikitzeko lanak 2023an hasiko dira, eta 2027an amaitu, eta inbertsioa 337-407 milioi eurokoa izango da. Astearte honetan atera dute proiektua lehiaketara, 10,5 milioi euroko zenbatekoan.

Bizkaiko Aldundiak, hortaz, itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko urratsak ematen jarraitzen du. Supersurraren bigarren fasearekin batera, azpiegiturak Bizkai metropolitarreko saihesbide handia osatu egingo du, eta, hala, erantzuna emango zaie ahalmen handiko errepideen sarean gaur egun dauden arazoei. Arrontegi zubiaren ordezkorik ez egotearen ondorio dira arazo horiek; izan ere, zubia, batezbeste, 140.000 ibilgailuk zeharkatzen dute egunero, A8, La Avanzada eta Txorierriko korridoreko bidaien artean. Itsasadarra sareztaturik ez dagoenez, Arrontegi eta bere ingurunea zaurgarritasun handian geratzen dira, eta behar baino ibilbide luzeagoak egin behar dira Eskuinaldetik Ezkerraldera joateko.

Ahaldun nagusi Unai Rementeriak jakinarazi du Aldundiak dagoeneko amaituta duela tunela eraikitzeko informazio-azterlana. Besteak beste, azterlanari esker, zorupea ezagutu da, trazaturik onena hautatzeari dagokionez; tunelak zirkulazioan izango dituen eraginak aztertu dituzte, eta lehen zenbatespen ekonomikoa zehaztu ahal izan dute. Egin beharreko inbertsioa 337 eta 407 milioi bitartekoa izango da (lehen zenbatespena 380 milioikoa izan zen), tunela hondeatzeko azkenean erabiliko den eraikuntza-metodoaren arabera.

Aldundiak, informazio-azterlanaren emaitzak eskuan dituela, hasiera eman die eraikuntza-proiektuaren idazketa adjudikatzeko izapideei, eta proiektuaren lizitazio-agiriak dagoeneko argitaratuta daude kontratazioaren plataforman. Eraikuntza-proiektuaren idazketak 33 hilabeteko epean amaituta egon behar du, eta 10,5 milioi euroko prezioan atera da lehiaketa publikora, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek jakinarazi duenez.

3.037 metro

Trazatua definitzeko, hiru aukera aztertu dira. Azkenik, zenbait irizpide teknikotan oinarriturik, tunela eraikitzeko lur egokienak zeharkatzen dituena hautatu da. Hona irizpideok: sakontasuna, arroka asko egotea, eta lurzoru, lur ase eta ur gutxi egotea. Parametro horietan oinarriturik, luzera handieneko aukera hautatu da, 3.037 metrokoa, besteak baino 200 eta 195 metro luzeagoa, alegia. Gainera, beste biak baino hobea da zenbait alderdiri begiratuta: haren zorupeak edozein eraikuntza-metodoren erabilera onartzen du, eta, La Benedicta dartsenaren azpitik igarotzen ez denez, ur-azaleraren azpitik distantzia laburrena egiten du: 200 metro besterik ez (besteek, 520 eta 530 metro).

Tunela eraikiko den lurra ezagutzeko, aurretik inguruan egindako 200 zundaketa geotekniko inguruko emaitzak bildu dira, eta zundaketa eta entsegu berriak egin dira. Lortutako informazioak ahalbidetu du tunela zeharkatuko duten lurren ezaugarriak ezagutzea. Hala ere, eraikuntza-proiektuan egin beharreko zereginetako bat zorupearen ezagutza hobetzea izango da, bereziki, Lamiakon; izan ere, bertan, limo-eremu bat dago.

Informazio-fasean zehar, azterlanak egin dira oraingo zirkulazio-mugimenduei buruz eta tunela martxan jartzen denean aurreikusten direnei buruz. Zenbatespenen arabera, eguneko, 51.000 ibilgailu erakarriko ditu azpiegiturak, batezbeste; 14.000 ibilgailu aterako ditu La Avanzadatik; 18.000, Max Centerreko zuzengunetik; eta 35.000, Arrontegitik. Lortutako informazioaren bidez, orobat, aurrera egin da tunela sarearekin Artatza eta Ballontiko biribilguneen bidez sarearekin lotzeko irtenbide egokienetan. Helburua da zirkulazioan jariotasuna lortzea, eta hirigintza-afekzioak gutxitzea. 2028an aurreikusita dago azpiegitura martxan jartzea; urte horretako eta ondorengoetako puntuko orduetako trafikoen simulazioa egin da, eta identifikatu da zer mugimenduk behar izango duten berezko adar bat. Hala, ibilgailuak ez dute izango zertan sartu biribilgune horietara, nahi duten norabidea hartzeko.

Ezkerralderako, proposatu da Portugalete-Sestao, Tunela-Sestao eta Portugalete-Tunela mugimenduak banantzea, lur azpiko adar gisa edo aireko azpiegituren gainetik. Eskuinalderako, Artatzako biribilgunearen inguruan ahalik eta afekziorik txikiena sortzeko, baztertu egin dira aireko egiturak; beraz, banandutako mugimendu guztiak tunel bidez bideratuko dira, eta tuneletik datozen ibilgailuei hiru irteera emango zaizkie: Zugazarte, Uribe Kosta eta La Avanzada.

Nolanahi ere, eraikuntza-proiektuak optimizatu egin beharko ditu alde bakoitzerako proposatutako irtenbideak; horretarako, tunelaren abiarazteak mugikortasun-azturetan eta sortuko dituen trafiko-mugimenduetan izango duen eraginari buruzko azterlan berriak egingo dira.

Eraikuntza-metodoa

Eraikuntza-proiektua idazteko, azpiegitura hau eraikitzeko metodorik egokiena zein den zehazteko behar diren azterlanak egin beharko dira. Horretarako, zundaketa geoteknikoen beste kanpaina bat egin beharko da, aurrekoa baino sakonagoa, zehaztasun osoz zehazteko zer materialetan induskatuko den. Zehazki, tunela arrokatan erabat exekutatzeko aukera zehaztu behar da; Lamiakoko lurzoruen ezaugarri geoteknikoen eta hidrogeologikoen ezaugarriak zehaztasun handiagoz deskribatu behar dira; ahalik eta gehien murriztu behar da unean-unean arazotsuak izan daitezkeen lekuetatik igarotzea, eta tunela igarotzen den zorupeko materialek egiten dituzten kontaktuak ondo ezagutu behar dira.

Tunela eraikitzeko inbertsioa aukeratutako metodoaren araberakoa izango da. Informazio-azterlaneko zenbatespenen arabera, tunelak egiteko makina erabiltzen duen metodoak 367 milioi euro inguruko inbertsioak eskatuko luke; kaxoi-sistemak, 403 milioi euro, eta metodo austriarrak, 337 milioi euro. 

Multimodalitatea eta digitalizazioa 

Bestalde, ahaldun nagusiak adierazi du eraikuntza-proiektuak definitu behar duela nola izan daitekeen tunela multimodala; izan ere, Aldundiak azpiegitura hau baliatu nahi du beste garraiobide batzuetarako ere, hau da, ez dezatela autoek bakarrik erabil. Aukera guztiak zabalik daudela, Rementeriak ziurtatu du Aldundia gai izango dela mugitzeko beste forma batzuk barne sartzeko; izan ere, tunelari ahalik eta potentzial handiena eman nahi zaio, eta inbertsioa eta onura bizkaitarrentzat maximizatu. Horretarako, aztertuko da zein den aukerarik onena ikuspuntu sozialetik eta ekonomikotik eta ingurumenaren ikuspuntutik.

Proiektuan jasotako beste alderdi garrantzitsuetakoa digitalizazioa da, proiektuak tunela modalizatzeko aukera emango duten teknologia berriak jaso behar baititu. BIM teknologiaren bidez, tunelaren eraikuntza simulatu beharko du, digitalki, diseinuan zein benetako eraikuntzan sor litezkeen arazoei aurrea hartzeko moduan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo Portugalete Santurtzi Sestao Sopela albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Barakaldo EAE Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Berango Urduliz