Ekonomia -
Lan-gatazka
Haurreskoletako Kudeaketako langileek LABen aurreakordioaren aurka egin dute
Ostegun honetan sinatuko dute. Kudeaketako langileentzako LABen greba-deialdia indarrean izan da, eta 34 langileetatik 6k egin dute bat; 22 langileren iritziz, akordioa "edukiz osatu gabea" da.
EiTB.EUS
Haurreskolak Patzuergoko Kudeaketaren langile gehienek agiri bat izenpetu dute, LAB sindikatuak onartutako aurreakordioarekin bat egiten ez dutela adieraztea helburu. Aurreakordio horri esker, LABek deituta zuen eta indarrean zegoen hilabeteko greba-deialdia bertan behera geratu da. Hain zuzen ere, Kudeaketako 34 langileetatik 22k sinatu dute agiria, eta, halaber, zehaztu dute 6 langilek egin dutela bat grebarekin hori deituta izan den egunetan.
Dokumentua babestu duten langileek diotenez, LABek, 2018ko azarotik 2019ko abendura arte, ez du bilerarik egin Kudeaketako langileekin: "Bat-batean, abenduaren 12an bilera irekia deitu zuen LABek, eta, inolako bozkarik egin gabe, langile gehienek babesten ez zuten hilabeteko greba deialdia erregistratu zuen" (greba abenduaren 23tik urtarrilaren 24ra arte zen egitekoa).
Langileek diotenez, greba-deialdiaren jarraipena 6 pertsonena izan zen ("34 pertsona gaude une honetan Kudeaketan, lanean"). "Azken negoziazio-mahai honetan, Kudeaketa arloko 22 pertsonek sinatutako idatzia aurkeztu genuen, aurreakordioarekin ados ez geundela adierazteko. Hau, aldiz, LABek ez du aintzakotzat hartu, eta aurreakordioa sinatzeko data finkatu du, soilik enpresarekin (ostegunean egingo dute, Eibarren, hilaren 16an. Edukiz osatu gabeko aurreakordio honekin, LABek bere hilabeteko greba-deialdia bertan behera utzi. Gogoratu nahi dugu, halaber, greba-deialdiaren epe tarte honetan gure opor- eta txanda-egunak izan ditugunez, aipatzen dituzten 10 greba egunak ez direla errealak izan", nabarmentzen dute.
"Aurreakordio kaltegarria"
Agiria argitaratu duten langileen esanetan, aurreakordioa kaltegarria da hezizaileentzat: "Alde batetik, gaur egun onartuta dauden hezitzaileen plazen amortizazioa ekarriko luke. Gainera, departamentu guztien benetako lan-kargak ez dira kontutan hartu lanpostu-zerrenda egiterakoan; horrez gain, ez dago argi onartuta dauden lanpostu batzuk indarrean noiz sartuko diren, eta ez dugu inolako bermerik hala izango dela egiaztatzeko", gaitzetsi dute.
"Gure soldatak Hezkuntza Saileko kategoriekin ekiparatzean", jarraitzen dute, "ez dute atzeraeraginkortasuna izango 2019ko irailetik aurrera, adostu eta sinatu arren. Hori gutxi balitz, aurreakordioak ez du ezartzen "gure behin-behineko egoera desagertzeko burutu beharreko LEP prozesuaren gaineko inolako zehaztapenik".
Azkenik, langileek nahi dute salatu Haurreskolak Partzuergoa sortu zenetik gerentzian egon den Maite Larrañagak "negoziazioetako azken bi urte hauetan ez dituela bere betebehar eta erantzunkizunak arduraz bete, eta bere jubilazioaren aurrean Kudeaketa langileen gaia ganoraz itxi gabe eta hankaz gora uzten duela".
Amaitzeko, langileek azpimarratu dute ELA eta Steilas sindikatuen babesarekin izan dituzten greba-egunen batez besteko jarraipena % 70ekoa izan dela: "LAB sindikatuak deitu duen greba-deialdi bakarrak izan duen jarraipena, aldiz, ez da % 20ra iritsi; datu hori esanguratsua da, gure ustez".