Ekonomia -
Kontaktu gabeko txartela
Renfek kontakturik gabeko txartela jarriko du gaur eskuragarri Gipuzkoako aldirietan
Billete magnetikoak ordezkatuko ditu '+Renfe & tú' txartelak. Pertsonalizatuarekin edozein tiket erosteko aukera egongo da, pertsonalizatu gabearekin, berriz, joanekoa edo joan etorrikoa bakarrik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Renfek gaur, astelehena, jarriko du martxan Gipuzkoako aldirietako trenen zerbitzuan kontakturik gabeko txartela. Tiketak erosteko euskarri berria da; behin eta berriz karga daiteke, eta trenetarako sarrerak eta irteerak erraztuko ditu.
'+Renfe & tú' izeneko txartel honek banda magnetikoa duten paperezko tiketak ordezkatuko ditu pixkanaka, Renfek jakinarazi duenez.
Bi motatako txartela erosi ahalko da: pertsonalizatua eta pertsonalizatu gabea. Lehena eskuratzeko, 2 euro ordaindu beharko dira; bestea, berriz, 50 zentimoan erosi ahalko da. Ez batak ez besteak ez dute iraungitze datarik, eta edozein leihatila edo makinatan karga daitezke.
Pertsonalizatua plastikozko txartel bat da, izena eta titularraren argazkia izango ditu eta Donostiako aldirietako trenetan eskuragarri dauden edozein tiket erosteko aukera emango du: joanekoak, joan-etorrikoak, hilabetekoak eta mugagabeak.
Gainera, deskontu bereziak jasotzen dituzten pertsonek (familia ugariko kideak eta Urrezko Txartela dutenak kasu) inolako dokumenturik aurkeztu gabe jasoko dituzte beherapenak, kargatzerakoan txartelak automatikoki identifikatuko dituelako onuradun bakoitzaren deskontuak.
Pertsonalizatu gabeko txartelak, berriz, bidaia bakarreko edo joan-etorriko txartelak erosteko aukera besterik ez du emango.
Euskarri berri hau bultzatzeko, bi tiket arrunt emango dizkie Renfek pertsonalizatutako txartela eskuratzen duten erabiltzaileei.
Txartel hauek Donostiako eta Irungo geltokietako leihatiletan edo Renferen webgunean dagoen inprimakia bete eta langileak dauden edozein geltokitan emanez eskura daitezke.