Ekonomia -
Amiantoa
CAFeko langile ohi bat amiantoak hil zuela baieztatu du autopsiak
Kaltedunak eskatutako ezintasun iraunkorra (bera hil eta hilabetera jaso zuten erantzuna) ukatu egin zioten lesioak laneko gaitz batengatik ez zetozela argudiatuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asviamiek, Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak, adierazi duenez, CAFeko langile ohi baten autopsiak baieztatu du jasaten zuen arnas eritasunak lanean zuela jatorria.
Komunikatu batean azaldu dutenez, langileak 1960tik 1993ra margolari lanak egin zituen CAFek Beasainen duen lantegian. Lanean zebilen bitartean amiantoarekin, margoekin eta disolbatzaileekin kontaktuan egon zen inolako babesik gabe.
CAFek amiantoarekin lanean ibili zirenen zerrendan jarri zuen erretiratu zenean. Hala ere, Osakidetzan informazio horren berri ez zutela argitu du Asviamiek.
Kaltedunak ezintasun iraunkorra eskatu zuen arren, eskaeraren erantzuna bera hil eta hilabetera jaso zuten. Gainera, ezeztatu egin zioten, lesioak laneko gaitz batekin zerikusirik ez zutela argudiatuta.
Hori horrela, langilearen familiak autopsia egitea eskatu zuen. Osakidetzak egindako informea argigarria da: biriketan amianto arrastoak eta eskuineko pleuran mota sarkomatoideko mesotelioma gaizto bat (amiantotik eratorritako gaixotasuna) zituen.
Asviamiek argitu duenez, autopsiaren informea jaso eta gero, Gizarte Segurantzak onartu egin du laneko gaitzen ondorioz jasotzen diren prestazioak ematea.
Horrela, familiak eskubidea du CAF salatzeko kalte-galerengatik eta prestazioen errekargua egiteko, izan ere, Asviamieren ustez, enpresak ez zituen arnasbideetako gaixotasunak saihesteko segurtasun eta prebentzio neurriak hartu.