Ekonomia -

Lan-istripuak

Sei langile hil dira 2020ko lehen astean Euskal Herrian

Asteazkenean mutil bat hil zen Igorren izandako istripuan, lanetik etxera bueltan zihoala. Lantarongo enpresa batean beste behargin bat zendu zen, kolpe bat hartu eta gero.

Lan-istripuen kontrako elkarretaratze bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Lan-istripuen kontrako elkarretaratze bat.
Lan-istripuen kontrako elkarretaratze bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtea hasi zenetik zortzi egun baino ez dira igaro, eta dagoeneko sei langile hil dira Euskal Herrian. Azkeneko biak gaur bertan zendu dira.

Goizaldean, 25 urteko mutil bat hil da Igorren izandako istripuan, lanetik etxera bueltan zihoala. Zornotzako bizilaguna zen, eta Gasteizen egiten zuen lan.   

Halaber, gaur goizean beste behargin bat hil da Lantarongo Braseli Tubos enpresan kolpe bat hartu eta gero.

LAB sindikatuak ohar batean gogoratu duenez, urtarrilaren 2an 55 urteko igeltsero bat hil zen Gasteizen aldamio batetik behera erorita, eta emakume bat Jatsun (Nafarroa) belar-bola bat gainera erorita.

Horrez gain, beste bi langile hil ziren urtarrilaren 4an: batak istripua izan zuen 'in itinere' (ezbeharra abenduaren 28an gertatu zen) eta besteak (Bilboko El Corte Ingleseko 27 urteko langilea) lan-istripu ez traumatikoa izan zuen.

Lan-baldintza eta bizitza duinak aldarrikatuta, LABek azpimarratu du langileek etxera "onik eta bizirik" itzultzeko eskubidea dutela eta eskubide hori bermatu egin behar dela.

Bestalde, UGTk elkarretaratzea egingo du ostegun honetan Bilbon duen egoitzaren atarian, lan-istripuak salatzeko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak