Ekonomia -
Klima aldaketa
Ekonomia zirkularrak 3.000 lanpostu berri sortuko ditu EAEn 2030era arte
Eusko Jaurlaritzak onartutako estrategiaren neurrietako bat dela eta, 2030ean merkatuan jartzen diren plastikozko ontzi guztiak birziklagarriak izango dira.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak astearte honetan onartu duen Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren helburua da eredu ekonomiko horrek 3.000 enplegu berri sortzea eta 2030era arte CO2 isurketak % 26 murriztea.
Plan horrek, gainera, zenbait neurri ezartzen ditu, euskal enpresek produktu zirkularretan duten fakturazioa 10.000 milioi eurora handitzeko, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez. Bertan onartu da estrategia hori, eta 2030era bitartean aplikatuko da.
Horren helburua, sailburuak azpimarratu duenez, Euskadi Europako erreferentziazko eskualde gisa kokatzea da eredu ekonomiko horren garapenean. Eredu horren helburu nagusia produktuen bizi-zikloan ingurumen-inpaktua murriztea da.
Estrategiaren neurrietako bat da 2030ean merkatuan jarriko diren plastikozko ontzi guztiak birziklagarriak izatea.
2016an, EAEn ekonomia zirkularreko irizpideak aplikatu zituzten produktuek eta zerbitzuek 2.800 milioi euro fakturatu zituzten, enpresen fakturazio osoaren % 28, Arriolak ziurtatu duenez.
Aurreikuspenen arabera, 2020an fakturazioa 7.250 milioira iritsiko da, eta 2030ean 10.000 milioira iritsiko dela uste dute.
Gaur egun, EAEko industria-sektorean 18.400 enplegu inguru daude jarduera horrekin lotuta, lanpostu guztien % 2 baino pixka bat gehiago, eta helburua da beste 3.000 sortzea.
Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren aplikazioak eragin zuzena izango du berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketan. Arriolaren arabera, CO2 isurketak % 26 murriztuko dira. Murrizketa hori hondakinen kudeaketako aldaketek eragingo dute, alegia, hondarren sorkuntzaren beherakadak eta ekonomiara bigarren mailako material gisa berriro sartzeak, eta baliabideen inportazioaren murrizketak.
Horrenbestez, Estrategiaren helburu nagusietako bat da "produktibitate materiala" % 30 handitzea, baliabideak modu eraginkorragoan aprobetxatuz eta materialen inportazioarekiko eta erauzketarekiko mendekotasun txikiagoa eraginez.
Era berean, material zirkularraren erabilera-tasa % 30 handitu nahi da, eta horrek birziklapenaren sektorea bultzatuko du, baita baliabideen eraldaketarekin eta aprobetxamenduarekin lotutako enpresen agerpena ere, berrerabiltzearen bidez.
Erreforma horiei ekiteko, inbertsiorako, I+G+Brako eta zerga-kenkarietarako laguntzak abiaraztea bultzatuko du Jaurlaritzak, beste neurri batzuen artean.