Ekonomia -

Lan-istripua

Gasteizko lan-istripuaren aldamioak babes gabeziak zituen

Osalanen arabera, beharginaren plataformak ez zuen babestuta perimetro osoa erorketak saihesteko hesiekin. Babes hesiak zituen aldamioaren bi alde luzeetan, baina ez motzetan.

Lan-istripua gertatu den eraikina, Gasteizen. ETBren bideo batetik lortutako argazkia
Lan-istripua gertatu den eraikina, Gasteizen
Lan-istripua gertatu den eraikina, Gasteizen. ETBren bideo batetik lortutako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko obra batean aldamio batetik erorita hil zen langilea plataformaren albo batetik erori zen, eta haren perimetroko babesak akatsak zituela ondorioztatu du Osalanek.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen iturriek azaldu dutenez, istripua gertatzen zen tokiaren lehen behaketaren arabera, aldamioak ez zuen babestuta perimetro osoa erorketak saihesteko hesiekin.

Babesa zegoen aldamioaren bi zati luzeetan, baina ez motzetan. Hortaz, aldamioaren "babes perimetralean gabeziak zeudela" azaldu dute iturriek, baina oraindik ere azken txostenaren zain egon beharko da istripuaren nondik norakoak zehazteko.

Langilea, 55 urteko igeltseroa, Olarizu etorbideko 32. zenbakian dagoen eraikin baten eraikuntzan adreiludun eskailera-zulo bat ixten ari zen, eta, horretarako, aldamio bat muntatu zuen, hiru metro inguruko altueratik lurrera erori zenean.

Juan Luis España CCOOko laneko ezbeharren arloko arduradunaren arabera, langileak denbora gutxi zeraman Arnaiz Asc 21 enpresa eraikitzailearentzat lanean.

Sindikatu horrek enpresei eta Administrazioari eskatu die "beharrezko neurriak" har ditzatela horrelako istripuak errepika ez daitezen, eta datorren asteartean Arabako patronalaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egingo dutela iragarri du, protesta gisa.

LAB: "Segurtasun neurri faltaren ondorioz gertatu da"

Lan istripuaren erantzukizunak zehaztea eskatu du LAB sindikatuak, "segurtasun neurri faltaren ondorioz gertatu delako". Hildakoaren senideei eta lagunei babesa eta elkartasuna adierazi die sindikatu abertzaleak agiri batean.

"Istripu larriaren arduradunak identifikatzea eta erantzukizunak zehaztea eskatzen dugu", adierazi du LABek.

Erakundeei eta gobernuei "ezikusiarena egiteari uzteko" eta lan osasun politikak erabat aldatzea eskatu die.

Bestalde, Gasteizko Udalak adierazpen instituzional bat onartzea nahi du EH Bilduk, "prekarietatearen aurka egitea" eskatuz, eta deitzen diren mobilizazioekin bat egiteko.

Lan osasuneko eta segurtasuneko kanpainak bultzatzen jarraitzea ezinbestekoa ikusten du EH Bilduk, baita lan arriskuen prebentziorako araudia betetzea ere, "prekarietate nabariko egoeretan batez ere".

Anbulantzia medikalizaturik ez zegoen eskuragarri, Elkarrekin Gasteizek salatu duenez

Gainera, Elkarrekinek salatu du ez zegoela anbulantzia medikalizaturik eskuragarri hildako langilea artatzeko; izan ere, Araban anbulantzia medikalizatu bakarra dago, baina hura lurraldeko beste toki batean zegoen, larrialdi baterako. Hortaz, langilea erizaindegia duen anbulantzia batek eta lehen mailako arretako mediku batek artatu zuten.

Elkarrekinen Gasteizko Udaleko taldeak nabarmendu du lan egiteko modu hori "ez dela egokia", Arabako herritarrei ematen dieten osasun-arretan "murrizketa larria" baita.Ohar baten bidez, Elkarrekinek salatu du egoera honek, alegia, Arabak anbulantzia medikalizatu bakarra izateak (Aiaraldeko lurraldea kenduta), "ondorio hilgarriak" ekar ditzakeela. Alderdi horrek gaitzetsi du arabarrek babes eskasa dutela, Osakidetzaren baliabideak "txarto ari direlako kudeatzen".

Hori dela eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio anbulantzia medikalizatuen kopurua areagotzeko, Arabako larrialdiei behar bezala aurre egiteko asmoarekin.

Elkarrekinek gogora ekarri du Munduko Osasun Erakundeak gomendatzen duela 120.000 herritarreko Aurreratutako Bizi Euskarri bat egotea. Gomendio horren aurrean, taldeak azaldu du Araban, 50 kilometroko eremuan, mota horretako anbulantzia bakarra dagoela 280.000 herritarrentzat”.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Araba Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak