Ekonomia -

Etxebizitza publikoa

Eusko Jaurlaritzak 506 etxebizitza erosi ditu, alokairuko parke publikoan kudeatzeko

Etxebizitza Sailak azaldu duenez, 50 milioi euro bideratu dituzte aurrekontuetan jasotakoez gain, alokairu publikora bideratutako etxebizitza gehiago erosteko.

Etxebizitzak, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE
Etxebizitzak, Gasteizen.
Etxebizitzak, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 506 etxebizitza erosi zituen iaz, funtsen, aurrekontu-soberakinen eta Finantza Inbertsio Iraunkorren tresnaren bidez. Erosketa horiei gehitu behar zaizkie Jaurlaritzak zuzenean edo Visesa sozietate publikoarekin egindako kontratu-programaren bidez egindako erosketak, eta Alokabidek sozietate publikoak kudeatzen duen alokairu-parke publikora bideratuko dira.

Erositako etxebizitza batzuk amaituta daude jada, eta berehala eskainiko dira Alokabidek kudeatzen duen gizarte alokairuko parke publikoaren baitan. Alabaina, gehienak, amaitu gabe daude, Etxebizitza Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Aurrekontu programa arruntetik kanpoko inbertsioaren zenbatekoa 50,1 milioi euro da. Ia erosketa gehienak Visesa sozietate publikoarekin formalizatu dira, eta beste eragiketa batzuk sustatzaile pribatuekin eta SAREB sozietatearekin hitzartu dira. Alokairuan babestutako etxebizitzetarako indarrean dagoen moduluaren prezio berean edo baxuagoan egin dira erosketa guztiak.

Ohiz kanpoko moduan erositako 506 etxebizitza horiez gain, Etxebizitza Sailak aurreikusita zuen 2019an 600 pisu eta zuzkidura-bizitoki eskuratzea ekitaldiko aurrekontu-programazioaren barruan, zuzenean edo Visesak eginiko sustapenen bidez, bai eta beste 900 etxebizitza ere, 2019an Bizigune eta ASAP programek hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko programen bidez eskuratutakoak.

Erosketak

Erosketa-eragiketen banaketa honako hau da: babes ofizialeko 70 etxebizitza Donostiako Morlans auzoan (eraikita), 4,9 milioi euroan; babes ofizialeko 32 etxebizitza Santurtzin (eraikitzen), 4,5 milioi euroan; 84 gizarte etxebizitzaren aurrerakina Ortuellan (eraikitzen), 2,4 milioi euroan; babes ofizialeko 52 etxebizitza Sestaon (eraikitzen), 7,6 milioi euroan; babes ofizialeko 26 etxebizitza Mungian eta 52 Zornotzan (amaituta), 9,5 milioi euroan; SAREBen jabetzako bederatzi etxebizitza libre zenbait udalerritan, 742.000 euroan; babes ofizialeko 36 etxebizitza Legution (eraikitzen), 3,8 milioi euroan; hiru etxebizitza Bermeon (amaituta), 345.635 euroan; 91 gizarte etxebizitza Getxon (eraikitzen), 8,2 milioi euroan, eta babes ofizialeko 51 etxebizitza Arrasaten (lizitazioan), 7,8 milioi euroan.

Modu honetan, 506 etxebizitza horiek sartzeko daudela, une honetan Alokabide sozietate publikoaren jabetzako etxebizitza parkeak 4.397 pisu ditu. Gainera, Etxebizitza Sailak beste 3.414 etxebizitza ditu, Alokabidek kudeatzen dituenak. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren jabetzako alokairuko parke publikoa 7.811 etxebizitzakoa da.

Horiez gain, Bizigune programaren bidez etxebizitzak hutsik zituzten jabe pribatuei hartutako 6.000 pisu baino gehiago daude eta, hala, Alokabidek kudeatzen duen alokairu publikoaren eskaintza 14.200 etxebizitzakoa da egun.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Bilbo Donostia Getxo Santurtzi Sestao Bizkaia Gipuzkoa Zornotza Eusko Jaurlaritza Mungia Euskal Autonomia Erkidegoa Arrasate Ekonomia Bilbo erdialdeko sarbidea Eguneko albisteak Ortuella Albisteak Higiezinen merkatua gaur