Ekonomia -
Ipar Euskal Herria
Ehunka pertsonak pentsio erreformaren aurka protesta egin dute Baionan
Lapurdiko hiriburuan jendetza elkartu da beste behin. Manifestariek Departamentu Kontseiluaren aurrera arte egin dute ibilbidea.
eitb.eus
Emmanuel Macronen Gobernuaren pentsio erreformaren aurka beste protesta egun bat larunbat honetan. Lau aste dira jada sindikatuak protestan hasi zirela eta Gabonetan ere ez dute etenik egin. Ipar Euskal Herrian, Baionan, jendetza elkartu da beste behin.
Trenbideetako langileek lanuzteekin jarraitzen dute, garraioan arazoak gabon garai honetan ere, eta gaur manifestazio eta protesta ekintzak hiriburu bat baino gehiagotan sindikatu guztiek deituta.
Intersindikalak dei egin du manifestaziora, eta txaleko horiek bat egin dute deialdiarekin. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aurkako oihuekin abiatu dira Baionako kaleetan. Ehunka lagun elkartu dira, iragan asteetan egindako bost manifestazioetan bezala. Manifestariek Departamentu Kontseiluaren aurrera arte egin dute ibilbidea, Berria-k azaldu duenez.
Joan den asteko ostegunean egin zuten aurreko protesta jendetsua. Orduan, Frantziako Poliziak trenbideetako langile bat atxilotu zuen, LAB sindikatuko afiliatua. Egunean bertan askatu zuten.
Sindikatuek erretreten erreformaren kontrako borrokari eutsi nahi diote, Frantziako Gobernuak atzera egin arte. Frantziako Exekutiboak ez du horretarako asmorik adierazi, ordea. Urtarrilaren 7an egingo dute hurrengo bilera sindikatuekin.
Oraingoz, Macronek urtarrilaren 22an nahi du aurkeztu pentsioen erreformarako proiektua Ministro Kontseiluan.