Ekonomia -
Ustelkeria
Stoak Miñaon zuen kontratua baliogabetu dute, De Miguel auziaren epaia dela eta
Erkorekaren hitzetan, ez dago antzeko kontratu gehiagoren berririk, baina, horrelako kasu gehiago egonez gero, erakundeek neurri berdinak hartuko dituztela eta baliogabetzat joko dituztela esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Parke Teknologikoko administrazio kontseiluak bertan behera utzi du Stoa enpresarekin indarrean zuen kontratua, enpresa horrek legez kanpoko hitzarmenak lortu zituela frogatutzat eman baita De Miguel auziko epaian.
Miñaoko parke teknologikoak ohar batean azaldu duenez, Stoa arkitektura eta hirigintza enpresarekin indarrean zituen kontratu guztiak “baliogabetzea” erabaki du ostegun honetan administrazio kontseiluak, Arabako Auzitegiaren epaia ezagutu ostean.
Izan ere, De Miguel auziko auzipetu nagusiei 6 eta 13 urte bitarteko kartzela-zigorrak ezarri zizkien epaimahaiak. Epai horretan, Stoa enpresa aipatzen da, eta Miñaoko parke teknologikoaren hirigintza planaren idazketa enpresa horri esleitu izana legez kanpokotzat jotzen da, antza denez, 3.750 euroko komisio baten truke egin baitzen.
De Miguel auziko epaiak frogatutzat ematen du legez kanpoko kontratua izan zela, “itunez eta legez kanpoko helburuekin” sinatu baitzen. Arrazoi horregatik, indarrean zegoen kontratua baliorik gabe uztea erabaki du gaur Miñaoko parke teknologikoak.
Auzipetuek helegitea aurkezteko aukera dute Auzitegi Gorenean, baina “epaia berretsiz gero”, Arabako Parke Teknologikoko administrazio kontseiluak azpimarratu du kontratua indarrik gabe jarraituko duela, eta “ez dela beharrezkoa izango akordio berririk sinatzea”.
Arabako diputatu nagusiak ostiralean aurreratu zuen Arabako Parke Teknologikoko administrazio kontseiluak erabaki hori hartuko zuela, oposizioko taldeek hala eskatuta.
Zehazki, Stoarekin indarrean zegoen kontratua “berehala” etetea eskatu zuten EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Podemosek, De Miguel auzian “zerikusia izan zuela” frogatutzat eman ostean. Horrez gain, Miñaoko parke teknologikoa handitzeko proiektua bertan behera uzteko eskatu zuten.
Eusko Jaurlaritzak ez du antzeko kontratu gehiagoren berririk
Testuinguru horretan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, ez dago Stoa enpresarekin egindako kontratu baliogabeen antzeko kontratu gehiagoren berririk, baina horrelako kasu gehiago egonez gero, erakundeek neurri berdinak hartuko dituztela eta baliogabetzat joko dituztela esan du.
"Eusko Jaurlaritzak ez daki antzeko beste kontraturik ote dagoen", esan du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak kazetarien galderei erantzunez, eta ez du zalantzarik izan horrelako kasu gehiago argitara aterako balira kontratu horiek “bertan behera” utziko lituzketela esateko orduan, indarrean mantentzea "problematikoa" izango litzatekeela iritzita.