Ekonomia -

Lan gatazka

Araluceko makineria ateratzen hasi da Batz enpresa, Ertzaintzaren laguntzarekin

Araluceko 80 langile inguru bertan zirela hasi dira makinak ateratzen, eta beharginek protesta egin badute ere, ez dute erresistentziarik jarri.

Araluceko 80 langile inguru zeuden makinera eraman dutenean. Argazkia: Iker Salgado.
Araluceko 80 langile inguru zeuden makinera eraman dutenean. Argazkia: Iker Salgado.
Araluceko trokelak lekualdatzen hasi da Batz, Ertzaintzaren presentzia handiarekin

1:40

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Batz enpresako arduradunak Igorreko (Bizkaia) Araluce enpresara sartu dira ostegun honetan, Ertzaintzaren laguntzarekin, trokelak eta beste pieza batzuk konpainia horren lantegi nagusira eramateko.

Bilboko Merkataritza Arloko 2. Epaitegiak baimena eman dio Batz enpresari (egungo jabea) Araluce lantegian egiten ari ziren trokelak eta bestelako piezak eramateko.

Araluceko 80 langile inguru bertan zirela hasi dira makinak ateratzen, eta beharginek protesta egin badute ere, ez dute erresistentziarik jarri. Azaroaren 14tik greba mugagabean daude, enpresak makinaria eraman ez zezan.

Araluceko langileen ordezkariek azaldu dutenez, Batz kooperatibaren kontrako salaketa jarriko dute gaur, Lan Ikuskaritzaren aurrean, greba batzordeari instalazioetara sartzea galarazi diotelako.

Grebalariak ordezkatzea egotzi dio ELAk Mondragon Kooperatibari

Trokelak eta bestelako piezak lekuz aldatu bitartean Aralucen greban dauden langileak "ordezkatzea" leporatu dio gaur ELA sindikatuak Mondragon Kooperatibari.

Ohar baten bidez, ELAk deitoratu egin du Araluceko langileen aurkako "aurrekaririk gabeko erasoa" gertatzen ari dela; izan ere, "euren lanpostuei eusten saiatzen ari dira", eta Lan Ikuskaritzari eskatu dio beren lan eskubideak babesteko jardun dezala.

Gainera, "eraso honen protagonista nagusia" izatea egotzi dio sindikatuak Mondragon Kooperatibari, bazkide kooperatibistak ez diren langileak "inolako eskubiderik gabeko langiletzat" jotzen dituelako.

Azkenik, Batz-Araluceren desegitea gelditzeko deia egin du, "Batz osatzen dutenentzat irtenbide bat" beharrezkoa delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Igorre Lan gatazkak Burdingintza Arratia-Nerbioi azken ordukoa Mondragon korporazioa argazkiak