Ekonomia -
Lan-gatazka
ArcelorMittalek Aguraingo lantegia itxiko du 2020an
ELAk errefusatu egin du zuzendaritzaren erabakia, lan karga badagoelako, eta ohartarazi du asmoa burura eramaten badute 15 pertsona langabezian geratuko direla.
ArcelorMittalek behin betiko itxiko du Agurainen (Araba) duen lantegia, 15 behargin dituena, ELAk jakitera eman duenez.
Sindikatuak prentsa-ohar batean azaldu duenez, zuzendaritzak abenduaren 17an jakinarazi zien neurri hori hartzeko asmoa, Sapemeko lantegian itxieraren aurka egindako greba batengatik izan ziren kaleratzeetatik bost urtera.
ELAren arabera, siderurgia multinazionalak une horretan erabaki zuen lantegia "heriotza gozora" zigortzea, "inbertsiorik eta etorkizunerako egitasmorik gabe" utzita. Orain, taldeak sindikatuei jakinarazi die "itxiera behin betikoa eta atzeraezina" izango dela 2020ko lehenengo hiruhilekoan.
ELAk errefusatu egin du zuzendaritzaren erabakia, lan karga badagoelako, eta ohartarazi du asmoa burura eramaten badute, 15 pertsona langabezian geratuko direla.
Horren harira, sindikatuak iragarri du langileek borroka egingo dutela lanpostuari eusteko edo "irteera duina" eskuratzeko. Horregatik, herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko eskatu die.