Gizartea -

Eguraldia

Gabon astea lehorra eta epela izango da

Tenperatura oso leunak aurreikusi dira, kostaldean 18-20ºC eta barrualdean 14-16ºC.

Tenperaturak epelak izango direla aurreikusi dira. EiTBko bideo batetik hartuta.
Bilbo egun eguzkitsu batean.
Tenperaturak epelak izango direla aurreikusi dira. EiTBko bideo batetik hartuta.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, Eguberri astea lehorra eta epela izango da Euskal Herrian. Tenperatura oso leunak espero dira, 18-20ºC ingurukoak kostaldean eta 14-16ºC-koak barnealdean.

Gabon egunean, hilak 24, litekeena da goizean behe-lainoa sortzea. Gero, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango lirateke. Arratsaldean behe-hodeiak ugaritu daitezke, baina ez du euririk egingo. Tenperatura epelak aurreikusi dira, eta maximoak 15-20 ºC artekoak izan litezke Kantauri isurialdean, eta 12-15 ºC ingurukoak gainerakoetan.

25a, Eguberri eguna, erdi mailako hodei eta goi-hodeiekin has liteke, baina egunean zehar hodeiak ugaritu egingo dira. Litekeena da egun osoan euririk ez egitea. Hego/hego-mendebaldeko haize ahul eta moderatua nagusitu daiteke, haizeguneetan bolada gogorren batekin. Tenperatura maximoak 24koaren antzekoak izan litezke.

Ostegunean, hilak 26, lanbroa eta goizeko lainoa espero dira. Zerua hodei gutxirekin, erdi mailako hodei eta goi-hodei tarteekin. Norabide aldakorreko haize ahula aurreikusi da. Tenperaturak ez du aldaketarik izango edo behera egingo du.

Asteburuari begira, ostiralean, hilak 27, euria egiteko aukera baxua izango da, %20koa. Oro har, hodeiak eta ostarteak nagusituko dira eta tenperaturak aurreko egunekoaren antzekoak izango dira. Norabide aldakorreko haize ahula izaten jarraituko du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak