Ekonomia -
Bi atxilotu
Txinako merkatu beltzean saltzera zihoazen 80 kilo angula atzeman dituzte Irunen
Angulak bizirik Setubaletik (Portugal) Parisera zeramatzaten maletatan. Bi pertsona atxilotu dituzte operazioan.
Agentzia | Erredakzioa
Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu eta 80 kilo angula atzeman ditu Irunen (Gipuzkoa). Litekeena da, Txinako merkatu beltzean saltzeko eramatea, Barne Ministerioak jakitera eman duenez.
Operazioa iragan astearte goizaldean aurrera eraman zuten mugako guardia zibilek. Mugatik gertu ibilgailu bat gelditu zuten, eta miatu ondoren, angulak bizirik eramateko zenbait maleta garraiatzen ari zirela egiaztatu zuten.
Angulak Setubaletik (Portugal) Parisera zeramatzaten; izan ere, bertatik Txinara eraman ohi dituzte. Angula kiloa 1.500 euroko salneurrian saltzen dute Txinan.
Guardia Zibilak ibilgailuko bi bidaiariak, portugaldar bat eta malaysiar bat, atxilotu zituen, faunaren aurkako delitua egotzita; izan ere, nazioarteko hitzarmenek angulak babesten dituzte.
Guardia Zibilak angulak Gipuzkoako haztegien esku utzi ditu, bertan zaintzeko eta ondoren askatzeko.