Ekonomia -
Kooperatiben lege berria
Kooperatibistek ez diete balizko galerei euren ondarearekin aurre egin beharko
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk araua babestu dute. Elkarrekin Podemos, aldiz, artikulu batzuen aurka agertu da, eta beste batzuetan abstenitu da.
Agentziak | Erredakzioa
Galera ekonomikoak baldin badituzte kooperatibistek ez dute euren ondare pertsonalarekin erantzun beharko, eta egindako ekarpenekin soilik egingo dute, Kooperatiben Lege berriaren arabera. Arau berria ostiral honetan onartu du Eusko Legebiltzarrak.
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk araua babestu dute. Elkarrekin Podemos, aldiz, artikulu batzuen aurka agertu da, eta beste batzuetan abstenitu da.
Kooperatiba txikiak araudi berean barneratu ditu legedi berriak. Gainera, kooperatiben zuzendaritza kontseiluetan gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna bermatu nahi du legeak.
Bestalde, barne autorregulaziorako malgutasun handiagoa izango dute kooperatibek. Gainera, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusian foru aldundietako ordezkariak izango dira.
Euskal Autonomia Erkideagoan 1.600 kooperatiba daude egun. 60.000 langile dituzte, Euskadin lanean ari diren biztanleen % 6.
Batzordeko eztabaidan, mugimendu kooperatibistak Lanbideko Administrazio Kontseiluan ordezkaritza izatea eskatu zuen EH Bilduk. Confebask aurka agertu zen. Azkenean, lege berriak ez du jaso, EAJ, PSE-EE eta PP kontra azaldu direlako.
Nahiz eta erabakiarekin ados ez egon, EH Bilduk oro har legeari babesa eman dio, kooperatibistei babes legal zabalagoa eskaintzen dielako. Hala ere, aldeko boto "kritikoa" dela zehaztu du Larraitz Ugarte legebiltzarkideak. Besteak beste, iruzurraren aurkako neurririk ez planteatzea deitoratu du EH Bilduk.
Legeak sektoreari segurtasun juridikoa emango diola nabarmendu du Aitor Urrutiak (EAJ). Kooperatibismoa garatzeko plataforma sendoa izango dela uste du jeltzaleak.
Ekonomia sozialaren sektoreak etorkizuneko erronkei aurre egiteko aukera izango duela azpimarratu du Gloria Sanchezek (PSE-EE). Legediak kooperatiben organoetan genero berdintasuna lortzeko neurriak jasotzen dituela erantsi du sozialistak, baita enpresa mota horien segurtasun juridikoa areagotu ere.
Carmelo Barriok (PP) nabarmendu duenez, proiektu kooperatibo bakoitzaren araudirako autonomia sendotzen du legeak. Araudi berria lanpostuak sortzeko eta ikerketa bultzatzeko baliatzea eskatu dio Barriok sektoreari.
Araudiaren zenbait artikulu errefusatu dituen talde politiko bakarra Elkarrekin Podemos izan da. Jose Ramon Becerra legebiltzarkidearen ustez, lege hau indarrean dagoena "baino okerragoa" izango da. "Kooperatiba handientzat hobea izango da, baina okerragoa kooperatiba txikientzat", azpimarratu du.
Legea onartu baino lehen, araudi berria egiteko orduan sektoreko eragileen eta unibertsitateen lankidetza izan dutela nabarmendu du Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak.