Ekonomia -

Ozeano Atlantikoan

2020rako arrantza kuoten gaineko murrizketak leundu ditu EBk Atlantikoan

Legatzaren kasuan, kuota % 5,5 murriztea erabaki dute (Bruselak % 20 jaistea proposatzen zuen). Kantauriko txitxarroari dagokionez, ordea, ez dute murrizketa arindu, kuota % 41 jaitsiko baita.

Arrantzaleak. Artxiboko argazkia: EFE
Arrantzaleak.
2020rako arrantza kuoten gaineko murrizketak leundu ditu EBk Atlantikoan

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ozeano Atlantikoan eta Ipar Itsasoan 2020rako arrantza kuotak banatzeko akordioa lortu dute gaur goizean Europar Batasuneko Arrantza ministroek, ia 21 orduko negoziazioaren ostean. Legatzaren gehienezko harrapaketari dagokionez, kuota % 5,5 murriztea erabaki dute, Europar Batzordeak % 20 jaistea proposatzen zuen arren.

Finisterre hegoaldean eta Cadizko Golkoan harrapatzen den txitxarroaren kasuan, berriz, datorren urteko kuota % 24,3 igotzea lortu dute arrantzaleek, Brusela % 50eko jaitsieraren alde agertu bada ere. Kantauriko txitxarroa, Espainiako ordezkariek zuten beste lehentasunetako bat izan da negoziazio horretan.

Europar Batasuneko herrialdeek asteazken honetan, 06:30ean, eman dute akordio horren berri. Adituek, astelehenean hasi zituzten negoziazioak, eta, azken orduetan, bilera ugari egin dituzte Estatuetako ordezkariekin eta Europar Batasuneko Exekutiboarekin.

Ildo horretatik, arrantzaleek gehienez 5.600 tona legatz harrapatu ahalko dituzte Kantauri itsasoan, Galizian eta Cadizko Golkoan. Halaber, Bizkaiko Golkoan, 13.000 tona legatz harrapatu ahalko dira (aurten baino % 19 gutxiago) eta, Ipar Atlantikoan kokatuta dagoen Sole Handia kalan, 18.700 tona (% 20,6 gutxiago).

Hegoaldeko txitxarroaren gaineko kuotaren gorakadari esker, Estatuko bandera duten ontziek 30.200 tona arrantzatu ahalko dituzte 'stock' horretan. Kantauriko txitxarroaren kasuan, ordea, Espainiak ez du Bruselaren murrizketa arintzea lortu, kuota % 41 jaitsiko baita datorren urtean.

Iberiar Penintsulako uretako zapo-harrapaketek ere, % 3,4 egingo dute behera (gehienez 3.350 tona harrapatu ahalko dira Espainian), baina gora egingo dute Bizkaiko Golkoan (% 7,6) eta Sole Handian (% 7).

Itsas-oilarren arrantzak 'stock' guztietan egingo du gora, batez ere Iberiar Penintsulako uretan (% 24). Bizkaiko Golkoan ere % 5,3 haziko dira espezie horren harrapaketak, eta, % 3,3 Ipar Itsasoko arrantza-lekuetan.

Bestalde, bosgarren urtez jarraian, arrantzaleek ezin izango dute Kantauriko zigalarik harrapatu, 2020an ere espezie horren arrantza debekatuta egongo baita. Cadizko Golkoan, berriz, % 3,7 murriztuko dira zigala-harrapaketak.

Testuinguru horretan, Espainiako Ozeanografia Institutuarekin (IEO) batera elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute Europako Batzordeak eta Espainiako Gobernuak, ahal denean eta lortzen diren datuen arabera, Kantauriko zigalaren gaineko debekua berrikusteko.

Itsaso Zeltikoko uretan arrantzan ibiliko diren ontziei aurrerantzean eskatuko zaizkien neurri teknikoek eragin dute negoziazioaren oztopo nagusietako bat, izan ere, Frantziak uko egin dio harrapatutako espezieen aukeraketa hobetzeko asmoa duen egitasmo horri. Bakailaoaren gaineko kuotaren inguruan ere desadostasunak izan dira EBko herrialdeen artean.

Europar Batasunak adostutako kuota horiek urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.

Gipuzkoako arrantzaleen iritzia

Europar Batasuneko Arrantza ministroen akordioak “ez bero, ez hotz” utzi ditu euskal arrantzaleak. Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantzale Kofradietako presidenteak Euskadi Irratian azpimarratu  duenez, egoera “lehen bezalaxe geratu da”. Legatzaren kuota murriztea ondo iruditzen zaiola esan du, baina txitxarroaren jaitsiera (% 41) gehiegizkoa dela salatu du.

Dena dela, berdelaren eta itsas-oilarraren kuotak beste horrenbeste igotzen direla nabarmendu du. Horrenbestez, harrapaketak “nolabait berdindu” egingo direla ziurtatu du.

'Antzerako geratu gara. Lehen bezala gaude'
'Antzerako geratu gara. Lehen bezala gaude'
'Antzerako geratu gara. Lehen bezala gaude'

play icon 1:36
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Lana Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arrantza Kantauri itsasoa