Ekonomia -
Greba orokorra
Sindikatu guztiak bat eginda, Frantziako Gobernuaren pentsio-erreformaren kontra
Baionan, manifestazio jendetsua egin dute grebalariek. Protestei entzungor eginez, Macronen Gobernuak berretsi egin du proiektua indarrean jartzeko asmoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hamar urtetan lehen aldiz, Frantziako bost sindikatuek bat egin dute eta elkarrekin atera dira kalera Emmanuel Macron presidenteak iragarritako pentsioen erreforma bertan behera uztea eskatzeko.
Edouard Philippe lehen ministroak asteazken honetan hasiko da sindikatuekin bilera egiteko egitasmoaz hitz egiteko.
Bezperan, sindikatuek greba jo dute berriro eta mobilizazio jendetsuak egin dituzte. Batuta badaude ere, iritzi ezberdinak dauzkate.
CGT sindikatuak erakutsi du orain arte jarrera irmoena; izan ere, plana oso-osorik erretiratzeko eskatzen dio Gobernuari. CFDT sindikatuak, berriz, jubilatzeko adina 62 urtetik 64ra luzatzeko proposamena bertan behea uztea exijitzen du.
Abenduaren 5ean abiarazi zituzten protestak eta gaur, lehen aldiz, grebarekin bat egin du CFDT sindikatuak.
Mobilizazioa Parisko Errepublikan hasi da eta bukaera zenbait istilu izan dira manifestari eta polizien artean. Beste behin ere, garraio publikoan eragin nabarmena izan du lanuzteak.
CGT sindikatuaren arabera, Frantzian, guztira, 1,8 milioi lagun atera dira kalera. Barne Ministerioaren arabera, berriz, 615.000 izan dira.
Philippe Martinez CGTko idazkari nagusiaren esanetan, protestak amaitzea agintari politikoen esku dago: “Gobernuak esan dezake, ados, herritarrak entzun ditugu eta lege-proiektua gelditu egingo dugu”.
Nolanahi ere, lehen ministro frantziarrak argi hitz egin zuen Asanblada Nazionalean: "Pentsioen sistema aldatu nahi dugu, sistema unibertsala ezartzeko. Eta horrek erregimen bereziak kentzea eskatzen du. Nire determinazioa eta Gobernuarena erabatekoa da".
Baionan, goizean goiz, Ipar Euskal Herrian zerbitzua ematen dituen autobus konpainiaren garajearen irteera blokeatu dute ehun bat manifestarik.
Biarritzeko aireportuan lau hegaldi bertan behera geratu dira eta trenbideetan lau trenetatik bat bakarrik egon da martxan.
Horrez gain, goizeko 10:30ean, grebalariek manifestazio jendetsua egin dute Baionan.