Ekonomia -

Frantzia

Bosgarren grebak ere garraio publikoa geldiarazi du Frantzian

Sindikatuek azpimarratu dute datozen egunetan lanuzteei eutsi egingo dietela. Emmanuel Macronek iragarritako pentsio-sistema berriaren kontrako manifestazioa deitu dute astearte honetan.

Paris iparraldeko tren-geltokia. Argazkia: EFE
Paris iparraldeko tren-geltokia.
Paris iparraldeko tren-geltokia. Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bosgarren greba eguna burutu dute gaur Frantzian, Emmanuel Macron Gobernuko presidenteak iragarritako pentsio-sistemaren erreforma salatzeko. Eta beste egun batez, garraio publikoa gelditzea lortu dute sindikatuek eta langileek.

Abiadura handiko trenen (TGV), ibilbide luzekoen eta Parisko aldirikoen % 20k bakarrik eman dute zerbitzua. Gainera, eskualdeko trenen % 30 soilik izan dira martxan, kasu honetan autobusek tren gehienak ordezkatu badituzte ere, SNFCk azaldu duenez. Horrez gain, Parisko metroaren 16 lineetatik 10 itxita egon dira.

Nazioarteko trenei dagokienez, Frantzia Espainiarekin eta Italiarekin lotzen dituzten zerbitzuak bertan behera geratu dira; Frantzia eta Alemaniaren arteko loturek oso tarteka funtzionatu dute; eta Frantzia eta Suitza lotzen dituzten trenen bosten batek zirkulatu du.

Londresera doazen Eurostar trenen zerbitzua zertxobait hobea izan da, trenen bi herenek zerbitzua eman baitute. Belgikara eta Herbeheretara bidaiariak daramatzaten Thalys trenen hiru bostenak martxan izan dira.

Garraiobide publikoetako greba dela eta, herritarrek ibilgailua hartzea erabaki dute eta horrek sekulako pilaketak eragin ditu Parisen. Guztira, 620 kilometrorainoko ilarak izan dira, azken bost urteotako handienak.

CGT eta FO sindikatuek eta ikasle mugimenduak manifestazio nazionala deitu dute astearte honetarako Parisen, Frantziako Gobernuaren pentsio-sistemaren erreforma bertan behera uztea eskatzeko. Hain justu ere, Edouard Philippe lehen ministroak asteazkenean aurkeztuko ditu egitasmo horren xehetasunak.

Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, egun indarrean dauden 42 pentsioak erregimen bakarrean batzea omen da Gobernuaren asmoa, lanbideen arteko berezitasunak kontuan hartzeari utzita.

Gobernua sindikatuekin eta gizarte eragileekin hitz egiteko prest dago eta elkarrizketa horrek 2020ko hasiera arte segituko duela agindu du, hots, proiektua Parlamentura eraman arte.

Alabaina, ematen du Macronen Exekutiboak  atzera egiteko asmorik ez duela eta erreforma aplikatzeko epeak negoziatzea soilik onartuko lukeela; izan ere, hauteskunde-kanpainan pentsioen sistema berria ezarriko zuela aginduz iritsi zen presidentetzara Emmanuel Macron.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Paris Lana Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Sindikatuak Pentsioak Lan gatazkak Garraio komuna gaur