Ekonomia -
LANAK ERAGINDAKO GAIXOTASUNA
Legazpiko Patricio Echeverria fabrikako langile ohi bat hil da amiantoagatik
Donostiako Auzitegiak Lanak Eragindako Ezintasun Iraunkor Absolutoa aitortu zion langileari. Enpresak helegitea jarri eta EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain dago kasua orain.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Legazpiko (Gipuzkoa) Patricio Echeverria fabrikako langile ohi bat hil da amiantoak eragindako asbestosi gaitzagatik, ELA sindikatuak salatu duenez. 24 urtez lan egin zuen gizonak lantegi horretan.
Sindikatuak jakinarazi duenez, Donostiako 1. Auzitegiak Lanak Eragindako Ezintasun Iraunkor Osoa aitortu zion langileari, Patricio Echeverrian nahiz ondoren CIE Automotiven eta Sidenor Aceros Especialesen egindako lan moduengatik hiru enpresak zigortuz .
Behargina 24 urtez aritu zen Legazpiko enpresan lanean, 'kutxarero' postuan, altzairurtua iragazi, konpondu eta kaltetzen ziren koilarak konpontzeaz arduratuz.
Langilea bizirik zegoela irten zen epaia baina enpresek helegitea jarri zuten eta EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain dago kasua orain.
Donostiako Auzitegiak frogatutzat eman zuen amiantoarekin harremana izan zuela, 2017ko irailean Osalanek egin zuen txosten batean oinarrituta. Txosten hori zela eta, Euskadin arriskuan egon daitezkeen langileen fitxategian sartu zuten langilea.
ELAK dio txostenak argi uzten duela "60ko hamarkadatik 1984ra arte inportatu zuela amiantoa enpresak, amiantoa izanik kutxara edo labeko txapara erantsita zioan kapa zuria. Langileek inolako erreparorik gabe manipulatzen zuten, ez baitzekiten arriskutsua zela" salatu du.
"Amiantoarekin zerikusia duten gaitzen aurrean gaude berriz ere, gordintasun osoz" adierazi du sindikatuak, eta "hazten ari den fenomenoa" dela ohartarazi du, "XX. mendean enpresek ez zutelako segurtasun neurririk hartzen eta kontrol publikorik ere ez zegoelako".
Gauzak honela, enpresei arduraz jokatzeko eta bide judiziala alferrik ez luzatzeko eskatu die ELAk, horrek gaixoen eta euren familien sufrimendua areagotu bakarrik egiten duelako. Erakunde Publikoei, berriz, langileen osasuna bermatzeko behar diren baliabideak jartzeko eskatu die.