Ekonomia -
Greba orokorra
Hirugarren greba-eguna Frantziako garraio publikoan
Trenen % 10 eta 15 artean bakarrik ibiliko dira, Macronen Gobernuak asteazkenean aurkeztuko duen pentsioen erreformaren aurka protestatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Garraio publikoan hirugarren greba-egunari ekingo dio Frantziak larunbat honetan, pentsio-erreformaren kontra. Tren zerbitzuan eta Parisko metroan bereziki nabarituko dira lanuzteak, baina asteburu honetan hegazkin-zerbitzua normaltasunez arituko da.
Ostegunetik ez dago tren-zerbitzurik Frantzia eta Espainia, Italia edo Alemania artean, eta tren bakarra Paris eta Stuttgarten artean, SNCF Trenbidearen Elkarte Nazionalak ohar baten bidez ezagutzera eman duenez. Gainerako nazioarteko loturei dagokienez (Londres, Suitza, Belgika, Herbehereak), trenen % 90 bertan behera geratu dira.
Frantziako barnealdean, berriz, Abiadura handiko Trenen sei trenetatik batek funtzionatzen du, distantzia luzeko % 5k, Parisko aldirikoen % 15k, eta eskualdekoen % 10k.
RATP Parisko metroak Interneten bidez jakinarazi duenez, bederatzi metro-linea bertan behera utzi dituzte, eta beste bost 13:00etatik 18:00ak arte bakarrik arituko dira, eta ohikoa den baino tren kopuru gutxiagorekin. Automatikoak diren metro-lineak (1 eta 14) normaltasunez ibiliko dira.
Protestek ez dute etenik, izan ere, astelehenera arte lanuzteak izango dira garraio zerbitzuetan, eta astearterako hurrengo greba eguna deitu dute sindikatuek. Bien bitartean, Macronen Gobernuak protestak entzun dituela, baina iragarritako erreformen aurrean ez duela atzera urratsik emango jakinarazi du Frantziako lehen ministroak. Dena dela, erreformak pixkanaka aplikatuko direla jakinarazi du. Datorren asteazken eguerdian aurkeztuko dute erretreten erreformaren proiektu osoa.
Iparralde
Larunbat goiz honetan eta pentsio-erreformaren kontrako protestekin bat eginda, elkarretaratzea egin dute Angelun, CGTk deituta. Angeluko merkatal-zentro baten kanpoaldean bildu dira 200 bat lagun, eta erosketak egitera datozenei pasoa moteldu diete eta afitxak banatu dituzte, astearteko mobilizazioetan parte hartzeko eskatuz.
Pentsio-erreformaren kontrako elkarretaratzea Angelun. Argazkia: Nerea Olaso