Ekonomia -
Akordioa Bizkaian
Metalgintzako hitzarmena sinatu izana 'oso garrantzitsua' da, FVEM patronalaren ustez
Patronaleko presidenteak nabarmendu duenez, itunak eragina izango du "beste sektore batzuetako zeharkako enpleguan". ELA akordiora batu ez izana deitoratu du.
EITB.EUS
Jose Luis Lopez Gil Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzako (FVEM, gazteleraz) presidenteak astelehenean hainbat sindikaturekin izenpetutako 2019-2021 Industria Siderometalurgikoaren Lurralde Hitzarmen berriaren balorazioa egin du gaur.
Bilbon eskainitako prentsaurreko batean, ituna "gure lurraldearentzat oso garrantzitsua" dela azpimarratu du Lopez Gilek. Nabarmendu duenez, hitzarmenak "sektoreko enpresa eta 58.000 langileengan izango du eragina, baina baita beste sektore batzuetako zeharkako enpleguan ere. Metaleko postu bakoitzak beste sektore batean ia hiru postu sortzen ditu".
ELA akordiora bildu ez izana deitoratu du Bizkaiko patronaleko buruak. Gogorarazi duenez, sindikatu horrek "ez du sektore honetan hitzarmenik sinatu 1994tik". Lopez Gilen esanetan, "tamalgarria da sektorean pisu handien duen sindikatuak hitzarmena sinatu ez izana".
Azaldu duenez, akordioa lortzeko "sindikatuek maiatzaren 10ean proposatu zuten plataforma bateratua bazter utzi behar izan zuten, ez baitzen onargarria, eta ordudanik jarrerak hurbildu ditugu". Horrez gain, enpresa batzuek grebetan jasandako "larderia onartezinak" salatu ditu.
"Aldaketa garaiak datoz, hemendik aurrera ezinbestekoa izango da enpresen eta sindikatuen arteko harreman naturalagoa eta iraunkorrago bat", adierazi du.