Ekonomia -
Metalaren hitzarmen berria
Metalgintzako akordioaren edukiak ez direla nahikoa esan du ELAk
Hitzarmen hori enpresetan hobetzen saiatzeko deia egin die ELAk langileei, eta sindikatuaren laguntza eta babesa izango dutela agindu die.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA sindikatuaren esanetan, "historikoa" da Bizkaiko metalgintzako langileek egin duten borroka, baina CCOO, LAB eta UGT sindikatuek patronalarekin egindako akordioa ez dela nahikoa adierazi du.
ELAko ordezkariek agerraldia egin dute Bilbon metalgintzako hitzarmena berritzeko ituna ez babesteko erabakia azaltzeko.
Mikel Etxebarria ELAko ordezkariaren hitzetan, akordioa ez da nahikoa, eta hitzarmena enpresetan hobetzen saiatzeko deia egin die langileei. Lan baldintza hobeak lortzeko asmoz antolatzen diren beharginek ELA alboan izango dutela agindu du.
"Lantegietan gure kideen baldintzak hobetzeko borrokarako konpromisoa berresten dugu", nabarmendu du.
Bestalde, lan-gatazkak iraun duen bitartean egon den batasun sindikala azpimarratu du Etxebarriak. Zentral sindikalek azken hilabeteetan 10 greba egun bateratu egin dituzte, eta urte amaiera arte beste zortzi deitu zituzten, baina bertan behera utzi zituzten azaroaren 26an, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek patronalarekin aurreakordioa sinatu zuten egunean.
Aurreakordioa sinatuta, patronalak "bere helburua bete du", Etxebarriaren ustez; izan ere, "patronala sindikatuen arteko batasuna apurtzen saiatu da mobilizazioak hasi zirenetik".
Bestalde, Etxebarriaren arabera, patronalak bilerak izan ditu beste sindikatuekin Lan Harremanen Kontseiluko negoziazio-mahaitik kanpo, eta sindikatuen arteko plataforman bere garaian adostu zituzten eskakizunak baino eskasagoak onartu dituzte bertan.