Ekonomia -
Villarejo auzia
Galan: 'Iberdrolako goi-kargudunak ez dira zelatatzen ibiltzen'
Iberdrolako presidenteak argitu du ikerketa abiatu zutela eta ez zutela "legearen araberakoa ez den ezertxo ere aurkitu".
Agentziak | Erredakzioa
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak ukatu egin du argindar konpainiak Jose Manuel Villarejo komisario ohiaren enpresekin harremanen bat zuela. "Iberdrolako goi-kargudunak ez dira inor zelatatzen ibiltzen", esan du. Auzitegi Nazionalak ikerketapean du argindar konpainia, komisario ohia espioitza lanak egiteko kontratatu zuelakoan.
Cope irrati kateari gaur eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, Iberdrolak gobernu-sistema korporatibo "oso sendoa" du. Galanen hitzetan, Iberdrolak ikerketa abiatu zuen ustezko harreman horiek aztertzeko, baina ez zuten "legearen araberakoa ez zen ezertxo ere aurkitu".
Galanek "gardentasun osoa" espero du kasu horren inguruan. Iberdrolak Villarejo auziaren piezetako batean (moncloa.com webgunearen harira irekitakoa) pertsonatzea eskatu zuela gogoratu du.
Horrez gain, Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak Antonio Asenjo Iberdrolako segurtasun arduraduna inputatu zuen, ustez enpresa horrek Jose Manuel Villarejo komisario ohia kontratatu zuelako Florentino Perezen jabetzakoa den ACS konpainiari espioitza lanak egiteko. Pieza horretan Florentino Perez ACSko presidentea kaltedun gisa pertsonatu da, espioitza lanek bere enpresari kalte egitea zutelako helburu.
"Ematen du konpainia askok harremana izan zutela Villarejo jaunaren enpresekin. Ondo dago gertatutako guztia jakitea eta horren araberako erabakiak hartzea", nabarmendu du.