Ekonomia -
Trafikoa
Nafarroako Parlamentuak AP-68a doakoa izatea eskatu du
EH Bilduk aurkeztutako ekimenak Estatuari eskatzen dio errepidea ibilbide osoan liberatzea eta Nafarroako Gobernuari 2020tik aurrera errepidea doakoa izatea erraztea.
agentziak | erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak AP-68 errepidea osotasunean liberatzea eskatu dio Espainiako Gobernuari mozio baten bitartez, eta Nafarroako Gobernuari, neurri hori gauzatu bitartean, 2020tik aurrera errepidea erabiltzaileentzat doakoa izatea.
EH Bilduk sustatutako ekimena izan da. Estatuari errepidea liberatzeko eskatzen dion puntua alderdi guztiek babestu dute, Navarra Sumak izan ezik (abstenitu egin da); eta neurria iritsi arte kostua Nafarroako Gobernuak hartzearen alde agertu dira guztiak, PSN (kontra) eta Geroa Bai (abstentzioa) izan ezik.
Ebazpenaren arrazoiak azaltzean, 2017ko abenduaren 2an Barne Ministerioak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen N-232ko Tutera eta Zambrana arteko zama-garraioaren debekua aipatu du.
Neurri horren ondorioz, AP-68 autopista hartu behar duten kamioiak Tutera eta Murchante arteko N-121-C errepidetik igaro behar dira, egunean 1.000-2.000 kamioren zirkulazioa jasaten duen horretatik.
Bien bitartean, ekimenean adierazi dutenez, 1975 eta 1980 bitartean eraikitako eta 295 kilometroko luzeradun AP-68a gutxiegi erabiltzen da, Lodosa eta Cortes artean bereziki.
EH Bilduk aurkeztutako testuak azpimarratzen du Erriberarentzat AP-68a garrantzitsua dela ekonomikoki eta sozialki, eta, horregatik, "beharrezkoa" dela bidesariak kentzea. "Zoritxarrez", 2000. urtean, PPren Gobernuak 2011an amaitzen zen autobidearen esleipena 2026ra arte luzatu zuen.