Ekonomia -
Armentia
Araban gas zundaketak egiteko baimena eman dio Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari
Azpimarratu du ez dagoela interes geologikoko edo babestutako eremu naturalik inguruan. EH Bilduk proiektua atzera botatzeko eskatu die Jaurlaritzari eta Udalari.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak oniritzia eman dio Gasteizko Armentia-2 putzuan hidrokarburoen zundaketa egiteko proiektuari, ingurugiro-eraginari buruzko adierazpen baten bitartez, ez baitu "ingurugiroan kalte adierazgarririk" egingo.
Proiektuak ingurugiroa eta natura baliabideak babesten ditu adierazpenaren aholkuak betez gero, Ministerioaren Bioaniztasun eta Ingurugiro Kalitate Zuzendaritza Nagusiak idatzi eta Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratu duten txostenaren arabera.
Zundaketaren sustatzailea da Eusko Jaurlaritzaren mendeko Shesa Euskadiko Hidrokarburoak elkartea. Elkarte horrek gas naturala bilatu nahi du gaur egun erabilienak diren teknikekin, frackinga edo haustura hidraulikoa deritzona baztertuta.
Ministerioak argitu du zundaketari soilik eman diotela oniritzia, ez baliabidea ustiatzeari. Zundaketaren emaitza positiboa izanez gero, baliabidea ustiatzeko beste ebaluazio bat gauzatu beharko litzateke.
Txostenean azaldu dutenez, zundaketa egin nahi duten inguruan ez dago interes geologikoko lekurik 900 metro baino gutxiagora, eta ekintza horrek ez lioke lur gaineko ur emariari kalte egingo. Era berean, putzua ez dago babestutako eremu naturaleko sarean. Hala eta guztiz ere, eremu naturalean sartzeko proposamen bat izapidetzen ari dira gaur egun, Gasteizko Mendien Parke Naturalen barruan sartzeko, hain zuzen ere.
EH Bilduk errefusatu egin du adierazpena
EH Bilduk errefusatu egin du ingurugiro-eraginaren inguruko adierazpena, eta Eusko Jaurlaritzari eta Udalari eskatu die proiektua bertan behera utz dezatela.
Mikel Otero EH Bilduren legebiltzarkideak aipatu du txostenak proiektuari argi berdea ematen dion arren, hainbat albo-ondorio aitortzen dituela. Gainera, "oso larritzat" jotzen du gasa ustiatzen hastea, Arabako gizarteak argi utzi baitu hidrokarburoak baztertu eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiten duela.
EH Bilduk iragarri du Shesa elkartea desegiteko ekimena mahaigaineratuko duela Legebiltzarrean.
Gainera, Gasteizko Udalari eskatuko dio ez dezala zundaketak egiteko baimenik eman, Hiri Antolaketaren Plan Orokorrean agertzen delako eremu horretan ezin dela hidrokarburorik atera "natura eta baso balio altuko" eremu babestua delako.
Elkarrekin Podemos ere, aurka
Bestalde, Juantxo Lopez de Uralde Elkarrekin Podemosen diputatuak ere gaitzetsi egin du adierazpena, eta "proiektu mota horrek gizartearengan eta ingurugiroan duen benetako eraginari entzungor" egiten diola gaineratu du.
"Arreta ematen dit adierazpenak larrialdi klimatikoa aintzat ez hartzea. Erregai fosilak lur azpian utzi behar dira eta energia berriztagarriak sustatu behar ditugu. Ez dago beste biderik", nabarmendu du.