Ekonomia -
Aurre-akordioa
Bizkaiko metalgintzako aurre-akordioaren gako nagusiak
CCOO, LAB eta UGT sindikatuek aurre-akordioa lortu dute patronalarekin metalgintzako lan-hitzarmena berritzeko.
ERREDAKZIOA
LAB sindikatuak zabaldutako oharraren arabera, hauek dira Bizkaiko metalgintzako lan-hitzarmena berritzeko patronalarekin adostu dituzten neurri nagusiak:
-SUBROGAZIOA mantenua egiten duten langileentzat. "Euskal Herrian industria eremuko lehen hitzarmena da subrogazioa lortzen duena".
-EMAKUMEEN DISKRIMINAZIOARI aurre egitea. "Sektore honetan emakumeen aukera berdintasunean aurrera egiteko neurriak, soldata arrakalarekin amaitzeko ezinbestekoa dena. Gai honetan ere aurrerapen garrantzitsuak lortu dira berdintasun batzorde bat sortzeko konpromisoarekin, enpresetan berdintasun planak egitearekin eta kontratazioa langilearen sexua kontutan izan gabe egitearekin, kasu. Hurrengo urteetan emakumeen presentzia sektore honetan hazten joatea ekarriko dute neurri horiek. Bizkaiko emakume langileek ez dituzte alferrik egin bi greba feminista Martxoaren 8ko testuinguruan. Lan munduan ere borroka feministak aurrera darrai".
-DUALITATEA eta ESTATALIZAZIOAREN mehatxuarekin amaitzea. "Metalgintzako langileek urteak zeramatzaten hitzarmenik izan gabe eta eremuko langile berriak dualitatea pairatzen (lan baldintza desberdinak lan bera egiteagatik). Halaber, langile guztiei eragiten zien estatalizazioaren mehatxuak. Hitzarmena berritzearekin lortu dugu prekarietatea hedatzeko bi egoera hauek sektoretik desagertzea".
-MALGUTASUNA eta BEHIN-BEHINEKOTASUNA elkarlotu egin dira, sektorean lehen aldiz. "Alegia, patronalak malgutasuna baliatu nahi badu, behin-behinekotasun portzentaje muga batzuk errespetatu beharko ditu. Horrela, malgutasunari mugak jarri eta langileen egonkortasuna bultzatzen da".
-KONTRATAZIO ZUZENA BULTZATU eta ETT bidezko kontratuak desagertzeko bidea ireki da, "ETTko langileek pairatzen dituzten egoerekin amaitzeko".
-LAN OSASUNEAN URRATS BERRIAK lan osasun galera dakartzaten egoerak sektoretik desagertzeko bidean jartzeko. "Bizkaiko Metalgintzako langile ugari lanaren ondorioz hil edo gaixotu egin da azken urteetan (2018an Bizkaiko industria eremuan 3 langile hil ziren lan istripuz, Euskal Herrian hildako langileen %7,31; eremu berean, 892 gaixotasun profesional erregistratu ziren urte horretan)".
-SOLDATETAN IGOERA. "Langileek garrantzia handia ematen diote jasotzen duten soldatari, bizitza duin baterako ezinbestekoa dena. 2019rako KPI + 1’75eko igoera lortu da, eta 2020 eta 2021ean KPI +1.5eko igoera".
Iturria: LAB sindikatua