Ekonomia -

Lan-gatazka

CCOO, LAB eta UGTk aurreakordioa lortu dute Bizkaiko metalgintzako patronalarekin

Sindikatuek ziurtatu dute hitzarmen berriak langileen baldintzak hobetzea ekarriko duela. Halaber, ituna "langile klasearen borrokaren garaipena" dela azpimarratu dute.

Metalgintzako langileen protesta. Argazkia: Efe
Metalgintzako langileen protesta. Argazkia: Efe
Metalgintzako langileen protesta. Argazkia: Efe

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CCOO, LAB eta UGT sindikatuek aurre-akordioa lortu dute Bizkaiko metalgintzako patronalarekin, eta horrela amaiera emango zaio lan-gatazkari, CCOOk ohar batean azaldu duenez. Bihar grebara jo behar zuten berriro langileek.

CCOOk azaldu duenez, hitzarmena hiru urtez egongo da indarrean (2021era arte) eta ondoko soldatak igoerak jasotzen ditu: 2018an, KPI + % 2,5; 2019an, KPI + % 1,75; 2020an eta 2021ean, KPI + % 1,5.

Subrogazioa eta ultraaktibitatea ere bermatzen ditu itunak. Halaber, lan istripuagatik edo gaixotasunagatik jaso beharreko osagarriari eutsi diote eta genero berdintasunari buruzko batzorde bat eratzea adostu dute.  

Orain, sindikatuek asanbladak antolatuko dituzte lantegietan eta beharginek akordioa berretsiz gero, lan-hitzarmena sinatzeko ekitaldia abenduaren 2an egingo dute patronalarekin batera.

CCOOk azpimarratu du "langile klasearen borrokaren garaipena" izan dela. "Agerian geratu da berriro ere mobilizazioa eta negoziazioa binomioak funtzionatu egiten duela", erantsi du.

LABek ere antzeko adierazpenak egin ditu, eta aurre-akordioa 10 greba-egun eta hamaika protesta egin ondoren iritsi dela nabarmendu du. "Denon artean borroka historikoa burutu dugu eta aro berria hasiko da Bizkaiko metalgintza sektorean", adierazi du.

"LAB ezinbestekoa izan da greba hau martxan jarri eta azkeneraino eramateko. Harro gaude egindako lanaz", gaineratu du.

UGTk oso positibotzat jo du ituna, "sektorea arautzea eta soldaten arteko ezberdintasunak amaitzea ekarriko baitu, orain arte bi hitzarmen egon baitira indarrean: 2013koa eta 2018koa, mugatuta izan bada ere".

Horrela, bada, "azken zortzi urteotan galdutako ordainsari-taulak berreskuratuko ditugu. Laneko osasunean eta berdintasunean emandako urratsak ere azpimarratzekoak dira", erantsi du.  

Bestalde, ELA sindikatuak aurre-akordioa ez sinatzea erabaki du, hainbat puntu hobetu beharko liratekeela iritzita. Areago, zenbait alorretan atzera egin dela uste du.

Gauzak horrela, ituna zorrotz aztertuko duela eta aurrerantzean eman beharreko urratsak ordezkari sindikalekin batera hartuko duela iragarri du.

Halaber, patronalak jarreraz aldatu izana langileen mobilizazioen eta lanuzteen ondorioa dela nabarmendu du.   

Bizkaiko metalgintza sektorean 50.000 langile inguruk jarduten dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak Lana albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Langile Komisioak UGT albisteak Lan gatazkak gaur Metalgintza