Ekonomia -

Enplegua

Osakidetzak 1.067 plazako Lan-eskaintza Publikoa deitzea proposatu du

Sindikatuen iritzian, behin-behinekotasunarekin amaitu nahi bada, plaza gehiago eskaintzea ezinbestekoa da. Osakidetzan egunero 15.000 lagun baino gehiago ari dira aldi baterako kontratuekin lanean.

Ehunka lagun Osakidetzaren azterketa publiko batean. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Ehunka lagun Osakidetzaren azterketa publiko batean.
Ehunka lagun Osakidetzaren azterketa publiko batean. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak 1.067 plazako Lan-eskaintza Publikoa deitzea proposatu du Mahai Sektorialaren bileran, baina sindikatuek ohartarazi dute kopuru hori ez dela nahikoa osasun sistema publikoan ematen den behin-behinekotasun tasa altuarekin amaitzeko.

Halaber, lanpostuak, kategoriak, baldintzak eta sarbiderako moduak arautzen dituen dekretuan aldaketak egitea proposatu du zuzendaritzak.

ELA sindikatuak gogora ekarri du behin-behinekotasun tasa % 40tik gorakoa dela Osakidetzan. Beraz, horrek esan nahi du egunero 15.000 lagun baino gehiago aldi baterako kontratuekin aritzen direla lanean.

Hortaz, zuzendaritzak egindako eskaintza nahikoa ez dela azpimarratu eta legeak plaza gehiago eskaintzeko aukera ematen duela zehaztu du.

Duela urtebete egin zuen txostenean oinarrituta, LAB sindikatuak 3.000 lanpostu berri sortzea eskatu du berriz ere. Egun, "egiturazkoak izan beharko luketen lanpostu horiek zerbitzuaren beharrizanen arabera egiten diren kontratuekin ezkutatzen" direla salatu du ohar batean.

LABen esanetan, osasun sistema publikoan ezinbestekoa da lantaldea egonkortzea eta egungo beharrei egokitzea. Ildo horretan, eta behin-behinekotasunarekin amaitzeko, gutxienez 7.000 plazako lan-eskaintza publikoa egin beharko litzatekeela erantsi du.

CCOO sindikatuak uste du Osakidetzak ez duela benetako borondaterik aldi baterako kontratuak murrizteko; izan ere, "orain eskaini dituen plazak erretiroa hartu duten langileenak dira".

"Hiru urte baino gehiagoz aldi baterako kontratuekin lanean egon diren beharginak egiturazkoak direla kontsideratu beharko lukete, eta, ondorioz, plaza horiek hurrengo azterketan egon beharko lirateke", azaldu du.   

UGT sindikatuak ere antzeko adierazpenak egin ditu. Osakidetzak egindako eskaintza ez-nahikoa dela esan du, behin-behinekotasun tasa murrizteko balio ez duela iritzita. Gainera, aldi baterako kontratuekin iruzurra egiten ari direla salatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza ELA LAB Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak