Ekonomia -
Igorre
Araluce hartzekodunen konkurtsoan sartu da
Horixe erabaki du Bilboko auzitegiak. Batz Taldeak, Araluceren jabeak, enpresa batzordearen "immobilismoa" salatu du, “arriskuan” jartzen duelako "kooperatiba bera".
agencias | redacción
Bilboko 2. Merkataritza Auzitegiak hartzekodunen konkurtsoan sartu du Igorreko Araluce S.A.U. enpresa, Batz kooperatiba taldeak, enpresaren jabeak, jakinarazi duenez. Batzek salatu du enpresa batzordearen "immobilismoa"ren ondorioz "arriskuan" jarri dela "kooperatiba bera".
Batz taldetik azaldu dutenez, "Araluce S.A.U.ren kaudimen ezaren eta enpresa batzordeak denbora, lan karga eta finantziazio gehiago izatea ahalbidetuko luketen proposamenak aztertzeari uko egin izanaren ondorioz, beharrezkoa izan da hartzekodunen konkurtsoan sartzeko eskaera egitea".
Araluce S.A.U. enpresa, automobilgintza sektorearentzat trokelak ekoizten dituena, 2016an erosi zuen Batz kooperatibak, "merkatuak eta bezeroek goranzko joera erakusten zuten une batean inbertsio garrantzitsua" izan zelako.
Urrian Araluce elkartea desegiteko prozesua hastea erabaki eta ostiralean epaileak hartzekodunen konkurtsoa ezarri ostean, prozesu osoa konkurtso administratzailearen esku geratuko da.