Ekonomia -
Eskariaren beherakada
Gasteizko Michelin lantegiak hainbat tailer itxiko ditu abenduaren 21etik 31ra
Hainbat ekoizpen-lerrotako 1.700 langileri eragingo diete lanuzteek.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Michelin lantegiak hainbat ekoizpen-lerro itxiko ditu abenduaren 21etik 31ra bitartean, 'gurpil erraldoiaren' fabrikazio aurreikuspenetan 11.000 tona gutxiago ekoitziko baitira.
Pneumatiko horiek egiten dituzten lantegietan eta gurpil horietan erabiltzen diren materialak fabrikatzen dituzten beste ekoizpen-lerro batzuetan lan egiten duten 1.700 langileri eragingo diete lanuzteek, hau da, Michelin Gasteizko langileen ia erdiari, CCOOko iturriek Europa Press albiste-agentziari jakinarazi diotenez.
Nolanahi ere, sindikatu horren arabera, "ez dago alarma pizteko arrazoirik", langileen eta zuzendaritzaren artean adostutako "malgutasun neurriak" bultzatuko baitituzte horien eragina leuntzeko. Hala, galdutako lanorduak 2020ko lan-egutegian berreskuratuko dituzte.
Konpainiatik onartu dute "beherakada" izan dela eskarian, eta horregatik erabaki dute lanuzteak egitea, testuinguru berrira "egokitzeko" modu gisa.