Ekonomia -
Ikerketa
INE mugikorren jarraipena egiten hasiko da gaur, mugikortasun ohiturak aztertzeko
Espainiako Estatistika Institutuak milioi erdi euro emango dizkie Telefonica, Vodafone eta Orange konpainiei polemika piztu duen ikerketa hau garatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Estatistika Institutua (INE) herritarren mugikortasun ohiturak aztertzen hasiko da gaur, astelehena, telefono mugikorren datuak oinarri hartuta. Guztira, zortzi egunez zelatatuko dituzte telefonoak, azaroan eta abuztuan. Alabaina, ikerketa horrek polemika handia sortu du, datu pertsonalen erabileragatik.
Bildutako datuekin norbanakoen mugikortasun ohiturak aztertu nahi ditu INEk. Zehazki, gaurtik ostegunera arte jasoko dituzte datuak, baita azaroaren 24an eta abenduaren 25ean ere. Halaber, 2020ko uztailaren 20an eta abuztuaren 15ean ere zelatatuko dituzte herritarren telefono mugikorrak.
Polemika piztu duen ikerketa hau garatzeko, INEk milioi erdi euro emango dizkie Telefonica, Vodafone eta Orange konpainiei. Dena dela, INEk lagin bakoitzean zenbat mugikor dauden baino ez du jakingo; hortaz, legea erabat errespetatzen dutela ziurtatu dute konpainiek.
Testuinguru horretan, INEk jasoko dituen datuak anonimoak direla adierazi dute; izan ere, erabiltzaileen kokapenaren gaineko informazioa bistaratuko da, baina ez telefonoaren titularraren gaineko daturik.
Bildutako datuekin, INEk hainbat kontu aztertu ahalko ditu; zeintzuk diren eguneroko joan-etorri ohikoenak, zein mugimendu diren ohikoenak oporretan, zenbaterainokoa den landa-eremuko despopulazioa, eta abar.
"Datu horiekin, 15.000 biztanleko eremuetan orduero zenbat telefono mugikor erabilgarri dauden jakin ahal izango da, baina ezer gehiago ez", esan zuen INEk urriaren 29an.
Hori da, hain zuzen ere, INEk "big data" baliatuta egiten duen lehen ikerketako bat, aurrerapen teknologikoak datu-kopuru izugarriak aztertzeko eta datu horietatik informazio erabilgarria ateratzeko aukera ematen baitu.
Bestalde, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) urriaren 29an ohartarazi zuenez, telefono mugikor baten kokapena berez datu pertsonala da, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren arabera; beraz, INEk jasoko dituen datuak "anonimoak" izatea ez litzateke nahikoa izango, eta "modu agregatuan" aztertuko direla bermatu beharko litzateke.