Ekonomia -
Aurreneko hilean
Pisu turistikoetan iruzurra antzemateko postontziak 111 salaketa jaso ditu
Salaketa gehienek turismo enpresen erregistroan izenik ez ematearekin zerikusia dute, eta ondoren pertsona gehiegiri ostatu emateagatik.
Agentzia | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak pisu turistikoetan iruzurra antzemateko martxan jarri zuen postontziak 111 salaketa jaso ditu aurreneko hilean. Salaketa gehienek turismo enpresen erregistroan izenik ez ematearekin zerikusia dute, eta ondoren pertsona gehiegiri ostatu emateagatik.
Sonia Perez Turismo sailburuak iragan urrian iragarri zuen postontziaren sorrera, herritarrei etxebizitza eta logela turistikoetan irregulartasunak modu anonimoan salatzeko aukera emateko. Postontzia Sailaren webgunean dago.
Postontzia martxan jarri zutenetik 111 salaketa aurkeztu dituzte herritarrek: 83 Bizkaian, horietako 72 Bilbon; 27 Gipuzkoan, horietako 17 Donostian; eta bakarra Gasteizen.
Sailak larunbat honetan jakitera eman duenez, 51 salaketa Turismo Saileko erregistroan izenik eman ez dutelako izan dira, eta beste 25 pertsona gehiegiri ostatu emateagatik izan dira.
Era berean, Turismo Sailaren eskumena ez diren salaketak jaso dituzte: zaratak sortutako eragozpenak eta elkarbizitza arazoak. Mota horretako kexak udalei jakinarazi behar dizkietela gogorarazi du Sailak.
Zentzu horretan, postontziak Turismo Legea eta bertatik eratorritako dekretuen urraketak artatuko dituela gogorarazi du Turismo Sailak.
Etxebizitzetan iruzurra antzemateko zailtasunik handienetarikoa erregistroan izena eman gabe iragartzen diren etxeak antzematea da; eta, bestalde, logela bezala izena eman dutenak, baina etxebizitza bezala iragarri edo alokatzen direnak.
Kasuak antzemateko lana errazteko, herritarrentzako postontzia jarri zuten martxan, bizilagunek beraiek irregulartasunen berri eman ahal izateko.
Postontzia anonimoa da, eta ohiko urraketak salatzeko aukera ematen du. Webguneak berak kasu batzuk proposatzen ditu, baina salatzaileak edozein zehazteko aukera du. Turismo Erregistroan etxebizitzak izenik ez ematea, eraikinaren kanpoaldean edo etxearen ate alboan bereizgarririk ez jartzea, pertsona gehiegiri ostatu ematea eta erantzukizun zibileko asegururik ez izatea ohikoenak dira.
Turismo Sailak iragan urrian jakitera eman zuenez, Euskadin 3.060 etxebizitza turistiko daude Euskadin, ia erdia Donostian. Konkretuki, 1.978 Gipuzkoan (% 70 hiriburuan); 915 Bizkaian (% 45 Bilbon) eta 117 Araban (% 40 Gasteizen).