Ekonomia -
Bidez Bide eta SOS Arrazakeria
Gizarte Segurantzak kotizazioa murriztu diela salatu dute etxeko langileek
Bizkaian eta Gipuzkoan 15 "irregulartasun" kasu antzeman dituzte SOS Arrazakeriak eta Bidez Bidek.
Agentzia | Erredakzioa
Etxeko langileen kotizazioetan antzemandako "irregulartasunetan" erantzukizuna leporatu diote Bidez Bidek eta SOS Arrazakeriak Gizarte Segurantzaren Diruzaintzari. Dagokienaren azpitik kotizatzen ari dira lanbide arteko gutxieneko soldata igo zenetik, salatu dutenez.
Katia Reimberg Bidez Bideko ordezkariak eta Tatiana Bellorin eta Maling Castillo SOS Arrazakeriako kideek prentsaurrekoa eman dute. Hirurek azaldu dutenez, Gizarte Segurantzak "ez die langileei" lanbide arteko soldataren igoera indarrean sartu zenetik soldaten aldaketak jakinarazi behar dituztela esan, "ezta enplegatzaileei ere". Gainera, Gizarte Segurantzak "berriz aztertzeko ekimenik ez du hartu", erantsi dutenez.
Era berean, langileen lan-bizitzan agertzen diren "lanaldi partzialeko koefizienteak zuzentzea" eskatu dute, kontratuak 40 ordukoak direlako, dedikazio osokoak, alegia.
SOS Arrazakeriak gogorarazi duenez, etxeko langileek sistema berezi bat dute: ez dute langabezia-prestaziorik eta tarteka kotizatzen dute. 2018an eta 2019ko urtarrilaren 1ean berritu ziren tarteak, lanbide arteko soldataren igoerarekin (12.600 euro urtean: 900 euro hilero 14 ordainsaritan edo 1.050 euro 12 hilabetetan).
Bizkaian eta Gipuzkoan 15 kasu antzeman dituzte SOS Arrazakeriak eta Bidez Bidek.
Astean 40 orduko kontratuetan, "dedikazio osoko mugagabeak", lan-bizitzako "partzialtasun koefizienteetan" % 100 baino portzentaje txikiagoa agertzen da etxeko langileen kasuan, orduen zenbaketaren eta erretiroaren kaltetan, salatu dutenez.
Lan-bizitzako inprimakietan agertzen den informazioak "lanaldi osoa islatzeko" beharrezko neurri guztiak hartzea eskatu diote SOS Arrazakeriak eta Bidez Bidek Gizarte Segurantzari, soldatak "zuzen" islatzeko, "pagen hainbanaketa eta soldata gordina barne".
Etxeko langileen "zaurgarritasuna" azpimarratu du Katia Reimbergek; izan ere, emakume etorkinek osatzen dute kolektiboa. Familia askoren zaintza "euren eskuetan" dagoela gogorarazi du.
Aldarrikapenak lortzeko "borrokan jarraituko" dutela ziurtatu du Reimbergek.