Ekonomia -
Villarejo auzia
Francisco Gonzalez BBVAko presidente ohia inputatu du Villarejo auziko epaileak
Ministerio Publikoak idatzi bat igorri zion epaileari, Gonzalez deklaratzera deitzeko eskatuz, eroskeria, sekretuak agerraraztea eta ustelkeria egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Manuel Garcia Castellon Villarejo auziko epaileak Francisco Gonzalez BBVAko presidente ohia ikertu gisa deklaratzera deitu du astelehenean, azaroak 18, eroskeria eta sekretuak aurkitu eta ezagutaraztea egotzita, Jose Villarejo komisario ohiari egindako ustezko espioitza enkarguaren harira.
Auzitegi Nazionaleko epaileak ostegun honetan hartu du erabaki hori, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak atzo Gonzalez inputatzeko eskatu ostean, iturri juridikoek jakitera eman dutenez. Uztailean, bankua pertsona juridiko gisa auzipetzea eskatu zuen Fiskaltzak, eroskeria, sekretuak agerraraztea eta ustelkeria egotzita.
Fiskaltzak BBVAko presidente ohia (FG siglak erabiliz izendatzen dute) inputatzea eskatu zuen atzo, auzi horretako 9. atalean BBVAri irekitako ikerketaren harira. Izan ere, 2004tik bankuak Villarejori egindako ustezko kontratuak ageri dira hor, alegia, Sacyr eraikuntza-enpresak banku horren kontrola hartzeko saiakera abiatu zuenetik, azkenean arrakastarik izan ez zuen arren.
Zehazki, Gonzalezi ustezko eroskeria eta sekretuen berri ematea egotzita deklaratzera deitzeko eskatu dio Ministerio Publikoak epaileari, idatzi baten bidez.
Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko 6 zenbakiko Instrukzio Epaitegi Zentraleko titularraren ustez, BBVAren "zuzendaritzak" komisario ohiaren kontratazioa onartu zuen, informazio eta espioitza lanetarako, haren balizko "ekarpen pertsonala eta enpresariala" ikusita.
Inputatu zutenean, epaileak beharrezkotzat jo zuen zehaztea bankuak delitua saihesteko neurririk hartu zuen edo, aitzitik, "ez ote zuen inolako kontrol mekanismorik ezarri eta bankuak enpresen fede onaren aurkako neurriak erabili ote zituen Villarejo kontratatzeko".
Testuinguru horretan, negozioen inguruko ustelkeria delituari dagokionez, BBVAk Villarejo bere onerako kontratatu zuen edo banku horretako zuzendaritzako kide batzuen ustezko ustelkeria "herritarrentzat kaltegarritzat" jo daitekeen argitu nahi du epaileak ikerketa horrekin.
Horrela, Gonzalez Tandem auziko 9. atalean ikertutako zuzendari ohien artean dagoen erabaki behar du epaileak; izan ere, hainbat milioi euroko kontratuen truke komisario ohi horren Cenyt enpresak ustez politikari, kazetari, bankari eta enpresaburuen 15.000 dei inguru zelatatu zituen.
Gonzalez, justiziarekin elkarlanean aritzeko prest
Ildo horretatik, Francisco Gonzalez BBVAko presidente ohiak justiziarekin elkarlanean aritzeko prest dagoela ziurtatu du. Asteazken honetan bidalitako ohar batean, bankari ohiak gogorarazi du uztailean BBVAren inguruko atala ireki zutenetik "justiziarekin kolaboratzeko interes handia" duela, "gardentasun eta objektibotasun handienarekin".
Gonzalezek azpimarratu duenez, 2018ko maiatzean hedabideen bitartez jakin zuen BBVAk Villarejo komisario ohiari lotutako Cenyt enpresa kontratatu zuela. Orduan, barne ikerketa bat bultzatu zuela ziurtatu du.
BBVAk pertsona juridiko gisa deklaratuko du
Halaber, BBVA azaroaren 20an pertsona juridiko gisa deklaratzera deitu du Villarejo auziko epaileak, hau da, Francisco Gonzalez presidente ohia inputatu gisa eta bi egunera.
Auzitegi Nazionaleko epaileak uztailean inputatu zuen bankua pertsona juridiko gisa, eroskeria, sekretuak argitaratzea eta negozioetan ustelkeria leporatuta, eta irailaren 24rako banku horren legezko ordezkari bat deklaratzera deitu zuen.
Alabaina, magistratuak egin behar izan zuen bidaia baten ondorioz, aurreikusitako data hori urriaren 10era atzeratu zen, eta, azkenean, epaitegiaren agenda kontuak zirela eta, datorren asteazkenerako jarri dute deklarazioa.