Ekonomia -
Udaberritik aurrera
Bilbotik Lyon, Murtzia, Menorca eta Cagliarirako bide berriak iragarri ditu Voloteak
2020ko udaberritik izango dituzte erabilgarri bidaiariek. 25 lanpostu gehiago sortuko ditu konpainiak, eta promozio berezia du indarrean ostiral gauera arte, txartelak 9 euroan hasita eskainiz.
Agentziak | Erredakzioa
Voloteak lau aire-bide berri iragarri ditu Bilboko aireporturako; hain zuzen ere, 2020ko udaberritik aurrera, Lyon, Murtzia, Menorca eta Cagliari ere izango ditu jomuga, eta hala jakinarazi du konpainiak ohar baten bidez.
Eskaintza berriari aurre egiteko, Voloteak beste Boeing 717 bat izango du Loiun, bigarrena. Bilbon, 25 lanpostu berri sortuko ditu Voloteak, eta 75 langile izango ditu guztira.
"Oso pozik gaude Bilbon erritmo honetan hazteko aukerarekin. Milioi erdi bidaiari eraman ditugu, eta helmugen eskaintza prezio oso lehiakorretan handitzen jarraitzen dugu. Handinahi handiko plana aurkeztu genuen 2018an, gure basea ireki genuenean, eta bete dugu", nabarmendu du konpainiak. Azaroaren 15era arte, gainera, promozio berezia dute bezeroek: bidaiariek 9 euroan hasita erosi ahalko dituzte lau jomuga berri horietarako txartelak (2020an erabiltzeko).
Bide berrietako hiru, esklusiboak
Lau bide berri horietako hiru esklusiboak dira, hau da, ez dago horiek eskaintzen dituen beste konpainiarik. Guztira, Voloteak 16 aire-bide ditu Bilbon, eta 373.000 eserleku eskaintzen ditu, iaz baino 100.000 gehiago.
Lyonerako eta Murtziarako joan-etorriak, adibidez, esklusiboak izango dira: Lyonera joateko, 16.200 leku eskainiko ditu, eta astelehenetan eta ostiraletan izango da hegan egiteko aukera, apiriletik. Murtziara bidaiatzeko, 9.100 leku izango dira, eta hegaldiak asteazkenetan eta larunbatetan izango dira, maiatzean hasita.
Menorcari dagokionez, 8.800 eserleku eskainiko dituzte; maiatzean eta ekainean, astearteetan eta larunbatetan izango dira hegaldiak, eta uztailean eta abuztuan, aldiz, asteazkenetan eta larunbatetan. Cagliarira joateko (hori ere esklusiboa da), berriz, 5.100 eserleku izango dira, eta larunbatero izango dira hegaldiak, maiatzetik aurrera.
2018an basea Bilbon ireki zuenetik, Voloteak boskoiztu egin du eserlekuen eskaintza; 300.000 baino gehiago eta 12 bide eskaintzen ditu.